Oihane LARRETXEA

Elbira Zipitria, itzaletik argitara

Emakume kementsu, ausart eta aktibista izan zen Elbira Zipitria. Frankismoaren garai ilunetan Donostiako bere etxea baliatu zuen umeei euskaraz eskolak emateko, klandestinitatean. Barrutik nor zen arakatu nahi izan du Maider Oleaga zinemagileak.

Kasualitateak, patuak agian, eraman zuen Maider Oleaga Fermin Calbeton kaleko 26. atariko bigarren pisua alokatzera. Etxe txikia, xarmagarria, arimaduna… bertan bizi izan zen txikitatik Elbira Zipitria (Zumaia, 1906-Donostia, 1982), bertan eman zituen ezkutuan klaseak eta bertan hil zen, 76 urterekin. Oleagak ez zuen emakume liluragarri hau ezagutzen eta lau pareta haien artean haren historiaren berri izatean, «ardura eta beharra» sentitu zituen zinemagile bilbotarrak zoriz ezagutu zuena kontatzeko, «dena hemen gertatu delako», dio egongela eskuaz seinalatuz. Eta horretan eman ditu azken bost urteak: dokumentuak bilatzen, haren bizitzan arakatzen, jendea elkarrizketatzen… filmatze lanak amaituta, laster hasiko du muntaketa fasea eta, dena ondo bidean, urtea amaitzerako prest egongo da “IRA 26-2” barne bilaketa den dokumentala. Ez da film historikoa, ezta biografia bat ere. «Ez da Ira pertsona publikoa arakatzea, baizik barrutik nor zen bilatzea, ateak ixten zirenean. Horrekin egin dut konexioa», aitortu du.

Irakasle, idazle, hizkuntzalari…

Zipitria ez da ezaguna Donostiaz harago, eta, Donostian bertan ere, ez esparru eta auzo guztietan. Ikusgarritasun eza, besteak beste, emakume zelako dela uste du Oleagak, baina Iraren nortasunak ere zerikusia du, pertsona diskretua zelako, lan itzela egiten zuen, mirestekoa, baina oso barrukoa zen, 36ko gerra aurretik mitin politikoak eman arren. Oso abertzalea, EAJko alderdikide «sutsua» zen eta Emakume Abertzale Batzako kidea. Ezaguna izan zen Tolosa, Oiartzun, Donostia eta Gipuzkoako hainbat herritan. Hala gogoratzen du Mari Karmen Mitxelena irakasleak, hamahiru urtez Zipitriaren alboan lan egindakoak, Bidegileak bilduman.

Bere garaiko emakumea zela dio Oleagak, baina aldi berean aurreratua zegoen. «Barruan kontraesan asko zituen heziketa mailan, politikoki. Oso kristaua zen, baina feminista aldi berean, eta egiten zuena grinaz egiten zuen, ideia finkoak zituen, herriarekin konprometitua zegoen eta ekintzailea zen. Benetan sentitzen zuena eta pentsatzen zuena egiten zuen, ez zen itxurakeria, ezer ez zen gezurra berarengan». Politikaria, hizkuntzalaria, irakaslea, idazlea eta euskararen defendatzaile amorratua. Aditzak irakasteko nor-nori-nork-a baliatu zuen.

Gipuzkoako Aldundiaren beka bati esker ikasi zuen hiriburuan Magisteritza. Gerrako lehen urtea Alde Zaharreko pisuan eman zuen baina gauzak oso ilun jarri ziren eta Sarara hanka egin zuen; handik jarraitu zituen kezkaz berriak. 1941ean bueltatu zen, diktadura hasita ordurako. «Bere iragana ikusita atxilotua izateko arriskua egon arren, bueltatu egin zen, eta bi urte beranduago hasi zen pisu honetan haurrei klaseak ematen».

Metodologia oso berezia zuen, esperientzietan oinarritutakoa. Oso ohikoak ziren Urgull mendira irteerak, hostoak, animaliatxoak eta landareak ezagutzeko; portura, arrainak saltzen ikusteko edo Bretxako azokara, baserritarrak salmentan ikusteko. Gero, ikusitakoarekin matematika ariketak egiten zituen. Kaniken bidez hamarrekoen sistema irakatsi zien umeei eta zotzekin lurrean idazten zituzten hitzak, letra larriz. Euskaraz bazekiten helduei idazten ere irakatsi zien, hizkuntzari merezi zuen estatusa emateko asko kezkatzen baitzuen euskara besteen mailan jartzeak.

Orixe ikastolaren irekierarekin sistema aldaketa ailegatu zen eta, antza, ez zen ondo moldatu garai berrietara, «ezkutuko eskola haietatik irtetea oso gogorra egin zitzaion» eta, gainera, ez zen fidatzen orduko agintariekin beldur zelako ez ote zen atzerapausoa izango, Mitxelenak gogoratzen duenez. 1971n erretiroa hartuta, hamaika urte geroago bakardadean zendu zen, zinemagilearen hitzetan. Bere gorpua Bermeoko Mañu auzoan lurperatu zuten, berak hala eskatuta.