NAIZ

Indautxuko Eskola mendeurrena ospatzeko laguntza bila ari da

2018an Indautxuko Eskola Publikoak, lehen Félix Serrano izena zeukanak, mendeurrena beteko du eta ospakizun horretarako lanean ari den batzordeak ikasle ohi eta langile ohiei edozein material, oroitzapen, argazki edo testigantza jasotzeko lanean ari dela jakinarazi du ohar batean.

Indautxuko Eskolaren sarrera. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Indautxuko Eskolaren sarrera. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Mendeurreneko egun berezia martxoaren 7an ospatuko dute, 1918an Indautxuko Eskolari hasiera eman zion egun berean. Egun hori erakunde ezberdinetako ordezkari, gaur egungo eta lehengo eskolako irakasleak, ikasleak eta langileak, Indautxuko auzotarrekin eta Bilboko hiritarrekin ospatzeko asmoa dute.

Bestalde, ekaineko lehenengo asteburuan ohikoa den ikasturteko amaierako jaiarekin batera eskola zabalik egongo da.

Aldi berean, eskolarekin harremana izan duen edozein pertsonak, gaiak, oroitzapenak edo argazkiak eman edo antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dute.

Parte hartu nahi duenak ondorengo e-postara idatz dezake: indautxumendeurrena@gmail.com, edo telefono honetara deitu: 94 421 19 40.

Ildo horretatik, Indautxuko Eskolarekin harremana duten edo izan dutenak, hurrengo ikasturtean irailetik ekainera arte izango diren jardueretan parte hartzera gonbidapena egin dute.

Azaldu dutenez, jardueren plangintza hilez-hile osatuko da eta hilabete bakoitza eskolako esparru batekin erlazionaturik egongo da: jatorria eta eskolaren historia, hezkuntza, berdintasuna, euskara, artea, interkulturalitatea, ikasle ohiak, kirolak eta etorkizuna.