NAIZ
DONOSTIA

Langabeziak beheranzko joerari eutsi dio ekainean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan

Uda hasierarekin batera, langabeziak beheranzko joerari eutsi dio ekainean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, datu ofizialen arabera. Guztira 167.207 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hilabetean baino 3.802 gutxiago eta iaz epe berean baino 16.876 gutxiago. Ekainean jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da.

Lanbideren bulego bat Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ekainaren bukaeran 167.207 pertsona zeuden langabezian Hego Euskal Herrian, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Aurreko hilabetearekin alderatuta, 3.802 langabe gutxiago dira, eta urteko eboluzioari erreparatuta, 2016ko ekainean baino 16.876 gutxiago.

Herrialdeka, Gipuzkoan izan da jaitsierarik handiena maiatzetik ekainera: %3,70 egin du behera. Guztira 34.518 langabe zenbatu dituzte, 1.327 gutxiago. 

Nafarroan %2,27 jaitsi da langabezia ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta. Guztira 35.938 pertsona daude lanik gabe, 835 gutxiago.

Bizkaian jaitsiera %1,86koa izan da maiatzarekiko. 75.351 langabe zenbatu dituzte, 1.430 gutxiago.

Beherakadarik apalena Araban nozitu dute (%0,97); 21.400 langabe daude, maiatzean baino 210 gutxiago.

Azken hamabi hilabeteetan

Iazko ekainetik hona, langabeziak nabarmen egin du behera lau herrialdeetan. Gipuzkoan %11,66 jaitsi da, Araban %9,62, Nafarroan %9,38 eta Bizkaian %7,74.

Estatu espainolari dagokionez, joera ere beheranzkoa da eta azken hamabi hilabeteotan 404.243 langabe gutxiago zenbatu ditu Enplegu Ministerioak.