NAIZ

Fruta eta barazkiak ekoizten dituzten herrialdeek Bilboko Portua eta Mercabilbao bisitatzeko interesa agertu dute

Bilboko Portuko Agintaritza eta Mercabilbao Hego Amerikako zazpi enbaxadarekin eta Afrikako enbaxada batekin elkartu dira Madrilen izandako topaketa batean, eta Bilboko Portuaren zein Mercabilbaoren instalazioak bisitatzeko interesa agertu dute.

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu du topaketa, Madrilen duen ordezkaritzaren bidez, Amerikako eta Afrikako nekazaritza produktuen inportazio fluxu gehiago bideratzeko asmoz.

Bilboko Portuko iturriek jakinarazi dutenez, Peru, Brasil, Txile, Costa Rica, Kolonbia, Ekuador, Mexiko eta Hegoafrikako fruta ekoizle eta komertzializatzaileek Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak bisitatzeko interesa agertu dute, urriaren 18tik 20ra Fruit Attraction Azokan parte hartzeko Madrilera bidaiatuko dutela aprobetxatuz. Bisita horretan lan saio bat antolatuko da, eta han izango dira Bilbon eta bere eragin eremuan fruta inportatu eta esportatzen duten enpresa nagusiak.

Bileran azaldu zutenez, Mercabilbaok «potentzial handia» duela fruta eta barazkien zentro komertzializatzaile gisa, bai Estatu espainiarreko iparraldean, bai Estatu frantseseko hegoaldean, eta, bestetik, Bilboko Portuaren lehia abantailak nabarmendu zituzten Europako iparraldeko herrialdeetara inportazioak sartzeko.

Bilboko Portuak azken urteetan fruten eta barazkien sarrera eta irteerak handitzeko apustu handia egin du. Alor horretan, Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu.

Mercabilbao Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da. Iaz 217 milioi kilo fruta eta barazki baino gehiago merkaturatu zituen.