NAIZ
ZARAUTZ

Azken sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Zarautzen

Zarauzko Udalak deituta, elkarretaratze isila egin dute eguerdian Munoa plazan erakundeetako ordezkari eta herritarrek, atzo goizaldean izan zen sexu erasoa salatzeko. Xabier Txurruka alkateak ertzain gehiago iragarri ditu uda honetarako eta EH Bilduk elkarlana eskatu du.

Zarauzko Munoa plazan egin dute elkarretaratzea erakundeetako ordezkari eta herritarrek. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Zarauzko Munoa plazan egin dute elkarretaratzea erakundeetako ordezkari eta herritarrek. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Udalak deituta ehunka lagunek parte hartu dute gaur eguerdian Zarautzen egin den kontzentrazio isilean, atzo goizaldean adin txikiko neska batek jasan zuen sexu erasoa salatzeko. Xabier Txurruka alkatea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Miren Elgarresta Gipuzkoako Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria bertan izan dira, herritarekin batera.

Landaidak nabarmendu du «ez beti ez» dela. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela esan du.

Xabier Txurruka herriko alkateak iragarri duenez, uda honetan ertzain gehiago ibiliko dira Zarauzko kaleetan, «emakumeak lasai ibili daitezen egunez, gauez, festetan eta festak ez direnean».

Azken egunetan bi eraso sexista izan dira Zarautzen; lehen salaketa San Pelaioen ondoren aurkeztu zuten eta bigarrena, atzo.

EH Bilduk elkarlana eskatu du

Zarauzko EH Bilduk oharra plazaratu du honen harira eta biktimei babesa adierazi ondoren, erakundeei zuzendu zaie, eragileekin elkarlana eskatuz. «Ezin dugu onartu gai honetan koordinazio faltarik edo gaizki ulerturik egotea Udala eta Sare Feministaren artea; elkarlana ezinbestekoa da. Denok txalupa eta norabide berdinean egin behar dugu arraun, eraso hauekin amaitu nahi badugu», aldarrikatu du.

Hala, udal Gobernuari eskatu diote Sare Feministarekin «eseri dadila lasai» eta protokolo bat adostu dezatela erasoak gertatzen direnean zein urrats eman. Segurtasuna bermatzeko hartu diren neurriak elkarrekin adostea ere ezinbesteko jo du, «eragile feministak direlako urte luzez gaiaren inguruan hausnartu dutenak eta ondoen ezagutzen dutenak».

EH Bilduren iritziz, Udalak prozesu parte-hartzaile bat ireki beharko luke ostalari, jai batzorde eta turismo promotoreekin, «hartu beharreko neurriak guztion artean adosteko». Gainera, Zarautzek «kanpora begira saldu nahi duen turismo ereduaz» hitz egiteko ere balio dezakeela uste du, kontuan izanda eraso gehienak gauez eta jai giroan izaten direla.

Babes katea igandean

Mugimendu feministak deituta, igande eguerdian «babes katea» egingo dute Munoa plazan,  eraso sexistek «lekurik ez dutela» adierazteko.