NAIZ

Uran, nagusi etapa menditsu bateko esprintean

Kategoriaz kanpoko hiru mendate igo izanagatik, esprintean amaitu da Tourreko bederatzigarren etapa. Rigoberto Uran kolonbiarra izan da nagusi bertan, Porte, Thomas edo Gesinken erorikoek markatu duten etapan. [Xehetasun eta sailkapenak]

Barguil eta Uranen artekoa izan da esprinta. (Jeff PACHOUD/AFP)
Barguil eta Uranen artekoa izan da esprinta. (Jeff PACHOUD/AFP)

Frantziako Tourrak aurtengo edizioko etapa gogorrenetariko bat lehiatu du igande honetan. Kategoriaz kanpoko hiru mendate igo behar izan dituzte txirrindulariek, 181km-ko ibilbidea osatzeko.

Hainbat faktorek ezaugarritu dute gaurko etapa. Batetik erorikoek; Gesink, Malori, Thomas eta Porte, besteak beste, lurrera jauzi eta lasterketa uztera behartuak izan dira. Bestetik, azpimarratzekoa da Tourra irabazi ez baina galdu dutenen zerrenda; Quintana edo Contador bezalako bi txirrindulari hoberenen taldetik minutu batzuk atzeratuta heldu dira helmugara, Pintoko txirrindularia batez ere.

Eta argitu da 2017ko Tourra lehiatuko dutenen zerrenda ere: Froome, Aru, Bardet eta Uran ageri dira indartsuenen artean, eta errenkada berean geratu da sailkapen nagusia. Eurekin iritsi dira Fuglsang eta Barguil ere, baina hauek denbora asko dute galduta nagusian.

Etapa esprintean erabaki da, azken mendatetik Chambery arte dozena bat kilometrotako ibilbidea osatu behar izan baitute txirrindulariek. Bardet eta Burguil izan dira metro batzuk hartuta, baina amaitzeko 2km-ren faltan harrapatu dute lehena. Hala, esprinta lehiatzeko prestatzen hasi dira txirrindulariak.

Astanak Fuglsangen aukera jokatu nahi izan du, baina ongi aritu da Uran zulo guztiak ixten. Haren eta Barguilen artekoa izan da esprinta, eta frantziarrak eskuak altxa baditu ere, kolonbiarra izendatu dute Tourreko bederatzi garren etapako garaile.

Froomek jarraitzen du horiz eta haren atzetik, aurrez aipatu bezala, Aru eta Bardet ageri dira.

Errepasatu etapak utzi dituen xehetasunak, baita sailkapen ezberdinak ere, NAIZen Tourraren inguruko webgune berezian.