Jorge FUENTELSAZ (Efe)

JIHADISTEN AMESGAIZTOA ATZEAN UTZI DUTEN MOSULDARRAK, URIK GABE

Irakeko Armadaren eta bere aliatuen erasoaldiaren eraginez ISIS Estatu Islamikoak Mosul Irakeko hirian atzera egin behar izan zuenean, ura tratatzeko planta guztiak suntsitu zituen. Instalazio eta tresneria horiek konpontzea ezinbestekoa da 320.000 lagunek bizirik jarrai dezaten.

Etxera itzultzea da ametsa, baina aukera hori urrutiegi dago oraindik milaka mosuldarrentzat. «Mosul eta inguruko herriak askatu eta gero, geure aurrean dugun arazorik larriena ur falta da. Ia ura tratatzeko instalazio guztiak suntsitu zituzten, edo erabat kaltetu», esan dio Efe agentziari Andres Gonzalez Oxfam gobernuz kanpoko erakundeko arduradunak, edateko moduko ura eskaintzen duen larrialdietarako aparatu baten ondoan dagoela. Tigris ibaiaren ondoan dauden instalazio guztietan aurkitu dituzte kalteak: «ISISeko jihadistek sorgailuak eta ur-ponpak eraman egin zituzten; baita tutueria eta kobre guztia ere».

Edonola ere, instalazio horiek konpontzea hiriburuan bertan daudenak konpontzea baino errazagoa izango da, Mosulen zeudenak kasu gehienetan «bonbardatu egin baitzituzten, eta txikizioa erabatekoa da. Gainera, minaz eta lehergailuz beteta daude».

Laurence Hamai ingeniariak esplikatu du halako hogei instalazio konpondu dituela dagoeneko Oxfam erakundeak, larrialdietarako aparatuak instalatzeaz gain. Mosuldik hogeiren bat kilometrora dagoen Hamam Alileko kanpalekuan ipini dutenaren tankerakoak jartzen dituzte. Tigris ibaitik hartu eta instalazio horietan tratatutako ura zisterna-kamioietan eramaten dute Mosulera, eskualdeko kanpalekuetara eta MSF Mugarik Gabeko Medikuek eraiki duten erietxe batera. Egunean 800 metro kubiko ur eskaintzeko gaitasuna du; hau da, 80.000 lagunen beharra asetzeko adina.

Gonzalezek dio kopuru horiek ez direla nahikoa. Nabarmentzen du termometroak 50 gradu edo gehiago markatzen dituenean, ur kontsumoa ikaragarri hazten dela. «Kanpalekuetan 320.000 pertsona daude ur eske, Mosulera itzuli nahi duten errefuxiatuak dira. Ura da beraien lehentasuna».

Hamam Alileko kanpalekuan norbaitek kanilaren bat zabaltzean, umeak berehala bertaratzen dira, burua busti nahian, edo txapela gutxienez, eguerdiko beroa zertxobait arindu nahian.

Horrenbeste pertsona hartzen dituen kanpalekua Oxfam erakundeak kudeatzen du. Ura ontzi ezberdinetan jasotzen dute: edateko modukoa leku batean, eta etxean erabiltzekoa bestean. Edangarriaren ontzia egunean bi aldiz irekitzen dute: goizeko 7etatik eguerdira, eta arratsaldeko 4etatik 6etara, kanpalekuko langileek jakitera eman dutenez. Hala ere, irakiar asko osasun bermerik ez duen ura kontsumitu beharrean izaten dira. Ismail Kamil Osasun Publikoko ingeniariak Efe agentziari esan dionez, 22.000 lagunek bermerik gabeko 291 putzutatik ateratako ura kontsumitzen dute. Beste 70 putzuk edateko moduko ura dute. Berak egin dituen kalkuluen arabera, egunean 40 litro ur ematen dute pertsona bakoitzeko.

Mohamed Yasemek 45 urte ditu eta bere etxea utzi behar izan zuen. Zortzi seme-alaba ditu. Nahikoa ur baduela esplikatzen du, baina janaria falta zaiela. Kanpalekuko osasun zentroan harrera hobea eskain dezatela ere eskatzen du. Sinyarreko igeltseroa martxoaren 12an iritsi zen Hamam Alilera. Gobernuz kanpoko erakundeek emandako laguntza eskertzen badu ere, «oso gutxi» dela adierazten du: «Laguntzei eta janariei dagokienez, hilabetean behin iristen dira, besterik ez, eta jendeak bere kabuz erosi behar ditu gauzak. Erietxeak berak ez du lan txukunik egiten».

Errefuxiatu batzuek lana eskatzen diete gobernuz kanpoko erakundekoei. Batzuek ezin dute etxera itzuli, arabiarrak izanda, beren eremuetan pexmerga indar kurduak baitaude orain. Hobe bertan geratzea!