Ariane KAMIO
DONOSTIA

Beste lore bat bidean

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako «Handia» filmak Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian egoteko sarbidea lortu du. Azken lau urteetan Urrezko Maskorraren borrokan ariko den hirugarren euskarazko lana izango da, «Loreak» eta «Amama»-ren ondoren. Hain zuzen, lehenengo film hura jaio zen etxe beretik ernatu da orain «Handia». Donostiakoan ez ezik, nazioarteko beste jaialdi garrantzitsu batean ere parte hartuko duela iragarri du Garañok.

“Handia” Zinemaldian izango da. Eta “Handia” Sail Ofizialean lehiatuko da. Azken lau edizioetan Urrezko Maskorra eskuratzeko borrokan zerrendaratuko den hirugarren euskarazko lana da. 2014an Moriartik urratu zuen bidea “Loreak” filmarekin, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren eskuetatik sortutakoa. Eta etxe beretik dator “Handia”-ren eraikuntza fikziozkoa. Soka horren tarteko korapiloa Asier Altunak batu zuen “Amama” lanarekin 2015ean.

Euskal Herriko historiaren une eta istorio zehatz batean du oinarria “Handia”-k. Hain zuzen, XX. mende hasieraraino doa, Altzora, Migel Joakin Eleizegirengana. Erraldoitasunak jota, ezohiko garaiera zuen gizasemea izan zen Eleizegi, “Altzoko handia” bezala ezagutu izan dena. 2,27 metroko altuera izan zuen. Ezohikotasun hark, munduan barrena ibiltzera eraman zuen Eleizegi. Berea da pertsonaia nagusia, baina Garañok eta Arregik unean uneko gizarte eraldaketaren ispilu ere bihurtu dute film berria. Dokumentazio eskasa dago pertsonaiaren inguruan, eta fikzioak hutsuneak bete ditu kasuan, horrek sortzen duen dualismoa aldeko armatzat bereganatuta.

Berria atzo egin zen ofizial Zinemaldiak Madrilen egin zuen aurkezpenean. Estatuan sortu diren hautatutako lanak ezagutzera eman zituen antolakuntzak. Garaño, argazki saio eta elkarrizketen artean hartutako tarteari esker, batu da lerrootara. «Izugarrizko ilusioa egin zigun ‘Loreak’-ekin, baina jendeak pentsa dezakeenaren aurka, kasu honetan ‘Handia’-rekin ere ilusio berbera egiten digu».

“Loreak” filma nazioarteko hainbat jaialditan hautatua izan zen eta munduari leihoak zabaltzeko aukerak eman zizkien orduan zuzendariei. Bide berberean joatea pozgarria litzateke “Handia”-ren egileentzat. «Filmak egiten ditugunean ez dugu soilik hemengo publikoarengan pentsatzen. Jakina, Euskal Herriko publikoa oso garrantzitsua da guretzat, baina gustatzen zaigu baita ere gure filmek bidaiatzea. Orain arte ‘Loreak’, ‘80 egunean’, ‘Lucio’ eta ‘Metodo Arrieta’ lanekin zorte hori izan dugu eta gustatuko litzaiguke errepikatzea». Eta zantzu guztien arabera, errepikapen horrek jarraipena izango du ‘Handia’-rekin. Garañok aurreratutakoaren arabera, oraindik izenik konfirmatu ezin badu ere, filma nazioarteko jaialdi garrantzitsu batean hautatua izan da dagoeneko.

«Gogorra» izan da bere hitzetan “Handia” bere osotasunera eraman duen bidea. Eta muntaketa lanak asko luzatu dira denboran. Orain urtebete GARAn egindako elkarrizketan ziotenez, neguan elurretan grabatu beharreko sekuentzia bat egiteke zuten oraindik. «Filma muntatuta zegoen baina zati hori gabe, eta horrek uste dut apur bat distortsionatu gaituela. Azkenean imajinatzen duzu zer egon behar den tarte horretan, baina ez da gauza bera imajinatzea edo jada irudi errealekin aritzea». Efektu digital askoko lana da, zailtasun tekniko ugari dituena. Proiektua %95ean amaituta dago dagoeneko, eta azken efektuen zain da taldea. Pare bat astetan amaituta egongo da oso-osorik. Irailean ikusiko da zer gertatzen den.

Almandoz eta Cobeaga

Madrilgo aurkezpenean, Zinemaldiak euskal ekoizpen gehiagoren berri ere eman zuen atzo. Koldo Almandozek, esaterako, Zabaltegi-Tabakalera saria eskuratzeko lehian parte hartuko du Kimuak katalogoan hautatua izan den “Plàgan” film laburrarekin. Iaz sail berberean lehiatu zen “Sipo Phantasma” izenburu zuen lanarekin.

Bestetik, Borja Cobeaga zuzendari donostiarrak “Fe de etarras” bere laugarren film luzea aurkeztuko du Belodromoan, Javier Camara, Julian Lopez, Miren Ibarguren eta Gorka Otxoa aktoreekin batera.

Horrez gain, Zinemaldian girotutako “Operacion Concha” filma ere Donostian aurkeztuko da. Antonio Cuadrik zuzendutako komediak Jordi Molla eta Karra Elejalde ditu protagonista.