MAITE UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Laborarien xokoa, bost urtez bestazaleen sabelak asetzen

ELB sindikatuak lantalde handia mugitzen du bost egunez irekia den ostatua kudeatzeko. Batez beste 350 lagun ari dira egunero 30 etxaldetako eta hamar kooperatibatako mozkinak plateretara eramaten

Eguna aski goiz abiatzen da Roland Barthes plazan altxaturik den karpa xuri erraldoian. Bisita egitera joan ginenean, hamarrak ziren. Ordurako, egun horretan lan egin behar zuten lagunak antolatzeko lanetan ziren. Maritxu Lopepe sindikatuaren ordezkariak emandako azalpenak entzun eta berehala bakoitza bere postura joan zen. Batzuk handik bi orenetan platerean izanen ziren mozkinak zatitzen eta banatzen atzeman genituen, beste batzuk mahai gisara erabiliko ziren upel handiak han-hemenka jartzen.

«Marka guztiak hartuak ditugu, eta lantaldeak beraiek aski antolatuak dira, usu jende berdinarekin jarduten dutelakoz», azaldu zion Lopepek GARAri.

Eskualdeka antolatu dira, eta autobusez egin dituzte joan-jinak: lehen egunean xiberotarren txanda izan zen, bigarrenean Oztibarreko lagunak bertaratu ziren...

Milaka eta milaka otordu «azkar baina onak» emateko, antolakuntza benetan zorrotza behar delako izan.

Etxaldeetatik ostatura

Euskal moneta (euskoa) onartzen duen ostatuan laborariek jaki freskoak banatzen dituzte, etxaldeetatik ostaturako bidean hozkailutik pasatu ez diren osagaiekin atontzen dute platera.

Milaka bestazaleen gosea asetzeaz gain, Lopepek dioenez, «elikadura burujabetzaren ekimen tipia burutzen dugu, etxaldeetan ekoizten duguna aski dela hemen ongi jateko frogatuz».