NAIZ
DONOSTIA

Del Hoyoren heriotzaren «erantzukizun osoa» espetxe politikari egotzi dio Etxeratek

Kepa del Hoyo preso galdakoztarraren heriotzaren aurrean bere mina adierazi du Etxeratek eta gertatutakoaren «erantzukizun osoa» Madrilek eta Parisek mantentzen duten «salbuespeneko espetxe politika suntsitzaile honek» daukala azpimarratu du. Presoen aferari konponbidea emateko bide orri bateratua osatzeko deia ere egin du elkarteak.

Azpeitian egin du agerraldia Etxeratek, Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Azpeitian egin du agerraldia Etxeratek, Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Azpeitiko Loiolako Santutegiaren ondoan eginiko agerraldi jendetsu baten bitartez, Kepa del Hoyo galdakoztarraren heriotzaren aurrean bere mina adierazi du Etxerat elkarteak eta presoaren senide eta gertukoenei doluminak helarazi dizkiete.

Era berean, argi adierazi dute Kepa del Hoyoren heriotzaren «erantzukizun osoa» daukala frantziar eta espainiar estatuek indarrean mantentzen duten «salbuespeko espetxe politika suntsitzaile honek». «Mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza», nabarmendu du Etxeratek, jarraian galdera plazaratuz: «Ez ote da krudela Kepa del Hoyoren senideek 750 kilometro egin behar izatea haien ahaide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 20 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen nekagarrien moduan?».

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Javier de Andresi ere zuzendu zaio Etxerat, berriki esan baitzuen barroteen atzean inoiz ez duela bizitza galdu larriki gaixo dagoen euskal preso batek, «baina errealitatea –erantzun diote– tematia da eta euskal gizarteak badaki ez dela egia». Hori dela-eta, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eta gainontzekoen euskal herriratzea aldarrikatu du beste behin elkarteak.

Azaldu dute Del Hoyo ez zegoela euskal preso gaixoen zerrenda publikoa osatzen duten 13en artean, ez eta publikoa ez denen 8en artean ere. Galdakoztarra «erail» duena, Etxeratek salatu duenez, «bestelako sufrimendua eta urte luzeetako zama izan da».

«Nahiz eta Etxerat elkartetik salbuespen politika hauen salaketa egin hamarkada luzez, espetxe politika honen indarkeriak Kepa del Hoyoren heriotzaren gisako egoera lazgarriak eragiten jarraitzen du», azaldu dute.

Espetxe politika «anker» horren ondorioak presoek eta senideek egunerokoan bizi behar dituztela azpimarratu dute eta horregatik argi adierazi dute: «Ezin dugu gehiago itxaron». 

«Jakitun gara –esan dute– Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialek bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen agerari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean».

Del Hoyoren gorpua Galdakaoko beilatokira iristen denean Etxerateko ordezkariak ere senide eta lagunei babesa adierazteko han izango direla azalduz bukatu dute agerraldia.