Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Sakabanaketa buka dadin, Etxeraten aldarrikapena hondartzetara igandean

Kepa del Hoyoren sendiari dolumina erakutsi eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du Etxerat elkarteak. Igandean presoen etxeratzea eskatuko dute Euskal Herriko hondartzetan.

Uda sasoian Euskal Herriko kostaldera etortzen diren bisitarien aitzinean euskal presoei eta been senideei ezartzen zaizkien «neurri bereziak amai daitezela exijitzeko», Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko hondartzetan elkarretaratzeak antolatu ditu Etxeratek iganderako.

Mobilizazio horien berri emateko antolatu zuten atzo Baionan egin zen prentsaurrekoa, baina «askotan bezala, aktualitateak modurik krudelenean aitzinatu» zituela adierazi zuen Urtzi Errazkin Etxerateko ordezkariak. Hala, «lehenik eta behin gure mina azaldu eta gure dolumin eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu astelehenean Badajozeko espetxean zendu zen Kepa del Hoyoren senitarteko eta lagunei», esan zuten.

Euskal preso politikoaren «heriotzaren erantzukizun osoa» Espainia eta Frantziako estatuei egotzi zien Errazkinek. Bozeramailearen iritziz, gobernuek «mantentzen duten salbuespenezko espetxe-politika suntsitzailearen» ondorioak dira halako gertaerak, eta hau gaineratu zuen: «Mendeku gosean oinarritzen diren neurri ankerrek eraman dute preso galdakoztarraren bizitza».

Hiru hamarkada arriskuan

Muriel Lucantisek, ostera, sakabanaketak senideengan duen eragina salatu zuen. Bisitetara joateko beren «bizia arriskuan jartzen hiru hamarkada» daramatzatela oroitarazi eta bidean bizia galdu duten 16 senitartekoak ekarri zituen gogora.

Hainbeste urteren ostean, «gure osasuna ahultzen den heinean, espetxeetan dauden gure senide eta lagunen desgastea handitzen eta larritzen ikusten dugu», gaitzetsi zuen Lucantisek. Presoen aferari irtenbidea emateko desberdinen arteko akordioak lortu, bide-orri partekatu bat eratu eta mobilizatzen jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuten Etxerateko kideek. Horregatik, igande eguerdian sakabanaketaren kontrako aldarrikapena Hendaiako hondartzara eramango dutela iragarri zuten, baita Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetara ere.