NAIZ
CORTI

Kataluniako erreferendumari sostengua adierazi diote Cortiko jardunaldietatik

Nazio askapen prozesuak eta Katalunia eta Kaledonia Berriko erreferendumak izan dira, batik bat, Corsica Libera mugimenduak antolatuta Cortin ospatu diren nazioarteko jardunaldietako gai izarrak. Zentzu horretan, herri katalanari babesa adierazteko argazkia atera dute ordezkaritza guztiek.

Kataluniako erreferendumaren aldeko argazkia. (NAIZ.EUS)
Kataluniako erreferendumaren aldeko argazkia. (NAIZ.EUS)

Corsica Libera mugimendu independentistak antolatuta, nazioarteko jardunaldiak egin dituzte asteburu honetan Korsikako Corti hirian. Bertan, besteak beste, Kataluniako, Euskal Herriko, Kurdistango, Sardiniako, Bretañako, Polinesiako, Kaledonia Berriko eta Guyanako ordezkaritzak bildu dira.

Lehenengo egunean, hots, larunbatean, Korsikar Biltzarreko lehendakari den J. G. Talamonik erakunde publikoaren egoitzan hartu zituen ordezkaritza guztiak, ongi etorri moduan. Arratsaldean, berriz, nazioarteko ordezkaritza bakoitzak bere nazio askapen prozesuaren egoeraren aurkezpena egin zuen. Xabi Larralde Sortuko kideak hartu zuen hitza Euskal Herriaren izenean.

Ondotik, Korsika eta Euskal Herriko preso politikoen inguruan hitz egin zen besteak beste. Euskal aferan legez, Parisek korsikar preso politikoen egoera hobetze aldera urrats gutxi eman dituela ikusi zen, nahiz eta uharteko kartzeletara hainbat hurbilketa egin diren. Halaber, azaldu zuten baldintzapeko askatasun eskaerek ezezko «sistematikoak» jaso dituztela. Egoera honen aurrean, amnistiaren aldeko korsikar mugimenduak hainbat mobilizazio iragarri ditu.

Igande honetan, berriz, autodeterminazio eskubidea izan da gai nagusia. Batetik, datorren urriaren 1ean ospatuko den Kataluniako erreferendumaz jardun dute, baita argazki bat atera ere ariketa hau babestuz. Bestalde, 2018an Kaledonia Berrian egingo den erreferendumari ere erreparatu diote.

Gogoratu dute 1989an bake akordio bat sinatu zela bertan. Haren ondorioz, Estatu frantsesak, Kaledonia Berriko alderdi frantsesak eta bertako mugimendu abertzaleak autodeterminazio eskubidea onartzea adostu zuten. Prozesuaren amaieran, gainera, amnistia baten oinarriak finkatu ziren. 30 urteren ondotik, datorren urtean egingo dute erreferenduma Kaledonia Berrian.