@ane_urki
BILBO

Espetxe politika «gizagabearen» ondorio diren ‘Motxiladun Umeei’ babesa berretsi die Sarek

18 urte baino gazteagoak diren 113 haur zein nerabek beraien guraso bat edo biak kartzelan dituztela jakinarazi dute Bilbon eta, hori horrela, Peru del Hoyo eta Olatz Iglesiasek urruntzearen ondorioez ohartarazi dute.

Hainbat «motxiladun umek» hartu dute parte Sarek Bilbon eginiko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Hainbat «motxiladun umek» hartu dute parte Sarek Bilbon eginiko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Kepa del Hoyo presoaren heriotzaren ondorioz, Sareko kide den Oihana Mujikak adierazi du gaur Bilbon burututako agerraldia egitearen beharra ikusi zutela. «Keparen semea bere bizitza guztian motxiladun umea izan da», gaineratu du.

Hala, komunikabideetan eta parlamentuan orain arte ahotsa izan ez dutelako, ekitaldi honen bitartez Peru del Hoyo eta Olatz Iglesiasek beraien bizipenekin osaturiko mezuak zabaldu dituzte. Iglesiasek nabarmendu du espetxe politika gizagabeak eta dispertsioak haurtzaroa lapurtu dietela: «Jolasten, korrika edo parkean egon beharrean, ordu luzez autobus, kotxe edo furgonetetako aulkiari lotuta pasa ditugu asteburu asko».

Beste alde batetik, Olatz Iglesiasek eta Oihana Mujikak jakinarazi dute, Peruk aita espetxean eduki duen 19 urte hauetan, «orotara aitarekin 19 egunez egoteko aukera bakarrik izan du». Era berean, argitu dute Kepa del Hoyo ez dela besterik gabe hil: «Espetxe sistema gizagabe honek hil du».

Peru del Hoyok adierazi du kartzela politika honek gurasoei aplikatutako kondena, «guri ere ezartzen digute». «Nola da posible gizarte zibilizatu batean, gizagabekeria hau normaltasunez hartzea?», galdetu du. Bestalde, nabarmendu du txikitatik injustizia baten hazi dela. Jasotako babes mezuak eskertuz amaitu du bere hitzaurrea.