Igande honetan, abuztuak 20, burutuko da Baleare desfilea, Bilbao 700 Fundazioak antolatuta eta Udalak babestuta eta BBK Fundazioaren laguntzarekin. Familientzat erakargarria den kalejira hau plaza Biribiletik abiatuko da 18.00etan eta Kale Nagusian amaituko da Doctor Areilza parean.
Desfilea 18.00etan hasiko den arren, goizean zehar Aste Nagusiko jaigunean pertsonaia batzuk ibiliko dira balearen bila. Aldi berean, arratsaldean, 16.00etatik hasita, puzgarriak egongo dira Arriagako plazan. Hara doazenek desfileko pertsonaiak -balea, olagarroa, txangurroa eta bisigua- Aste Nagusirako nola berpizten diren ikusi ahal izango dute.
Esan bezala, 18.00etan hasiko da desfilea plaza Biribiletik abiatuko dira animazio-konpainiak eta taldeak eta kalea soinuz, kolorez eta alaitasunez beteko dute.
Desfilearen aurrealdean Trokobloco batukada joango da. Horren atzean itsasontzi bihurtutako kamioi kustomizatuak. Umeentzat konfetiak, serpentinak, globoak eta mozorroak egongo dira.
Karrozen ostean, arpoilariak eta talaiaria, ikusleekin elkarreraginez balearen bila ari diren bitartean. Orduantxe agertuko dira arratsaldeko protagonista nagusiak.
Aurtengo edizio honetako desfileari musika jarriz zenbait talde arituko dira: Sama-Siku fanfarrea, Santurtziko erraldoiak eta «Cal y Canto», «Xarop de Canya» eta «Planet Vapeur» konpainiak.