GARA
ALTSASU

«Erantzun itzela» eskertu dute Altsasuko gurasoek

Bilboko jaietan ere ehunka lagunek beren seme-alabei babesa agertu izanaren ondoren, «guztion artean lortuko dugu», adierazi dute.

Animatuta eta harro utzi dituzte Altsasuko gazteen gurasoak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jaietan auzia salatzeko egin diren mobilizazio jendetsuek. Iruñekoa izan zen lehena, uztailaren 14an, Gazteluko Plaza goraino beteaz. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan ehunka lagun elkartu ziren gero, bertako festetan. Pasa den larunbatean beste hainbeste gertatu zen Donostiako La Flamenka gunean, Aste Nagusiko azken egun ofizialean, eta irudia errepikatu egin zen herenegun, Bilbon, udaletxe aurrean.

Lau hitzordu hauetan eta beste hainbat ekimenez bitartez, «erantzun itzela jaso dugu –onartu dute Altsasuko gurasoek, Twitterren bidez, esker oneko–. Luzea izaten ari da bidea, baina guztion artean lortu egingo dugu», ziurtatu dute.

Nazioartean ere zabaltzen da aldarria, Bolivian diren Askapenako brigadako kideen argazkia horren erakusgarri. Bertako feria batean Evo Morales presidentea agurtzeko aukera izan zuten gazte hauek, eta Altsasuko auzia salatzen duen pankarta erakutsi zuten une horretan.

‘‘Altsasukoak aske!» aldarrikapena (auzipetutako hamaika gazteetatik hiruk espetxean segitzen dute oraindik) ekimen potoloz zein xumez hornitzen da. Esaterako, elkarretaratzea egin zuten joan den astean Altsasuko igerilekuetan.