NAIZ
BILBO

Europa Ligako ligaxkarako sailkapena eskuratu du Athleticek (1-0)

Joko baino emaitza hobearekin, Athleticek gaur ere Panathinaikos greziarrari nagusitu zaio. Iker Muniainek egin du bizkaitarren gola talde jokaldi eder baten ostean. Bihar izanen da zozketa eta bertan egonen da Reala ere.

Muniainen gola gogoz ospatu dute bilbotarrek. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Muniainen gola gogoz ospatu dute bilbotarrek. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Joaneko partidan ez zen Athletic on bat ikusi, baina urrezko sei minutuk hiru gol eman zizkioten, partida irauli eta errenta politarekin etortzeko Bilbora. Gaur hobe aritu dira Zigandaren mutilak, eta kontrolpean izan dute kanporaketa momentu oro, baina greziarrek ere haien aukerak izan dituzte.

Ongi ekin diote txuri-gorriek partidari, golaren bila. Parean Panathinaikos, zeinek ez zion erasoari uko egiten ere. Baina 22. minutuan jokaldi ederra josi dute etxekoek. Baloi luze bat ederki jaitsi du bularrez Adurizek, buelta eman eta begiratu gabe eman dio pasea Susaetari, honek Muniain bultzatzeko beharra baino ez zuen baloia uzteko.

Hiru gol behar zituen dagoeneko Panathinaikosek. Gerturatu dira gaur Herrerinek defendatutako atera eta zutoinera ere bidali dute baloiren bat, baina emaitzik lortu gabe. Bitartean, etxekoak eroso eta Muniain eta gaur titular izan den Cordobaren kontraerasoek eramaten zuten arrisku handiena. Gazte ezkerra hamaikakoan egon da gaur Raul Garciaren ordez, nafarra gaixo dago-eta.

Williams bigarren zatian batu da partidara eta arriskua eraman du eskuin hegaletik, baina Adurizek ez du atearekin asmatu gaurkoan.

Bihar, 13:00ean, izanen da ligaxkako zozketa eta bertan Athleticen izena ez da faltako. Modu honetan, aspaldiko partez bi euskal talde izanen dira Europan jokatzen.