NAIZ
IRUÑEA

Uda Nafarroako abegi-familietan igaro dute haur sahararrak Joseba Asironekin elkartu dira

Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Udalbatzako beste kide batzuek parte hartu dute, gaur eguerdian, uda Nafarroan, abegi-familiekin, pasatzen ari den Saharako haur-taldeari Udalak egindako harrera-ekitaldian.

Joseba Asiron, Saharako haurrekin batera. (@PamplonaIruna)
Joseba Asiron, Saharako haurrekin batera. (@PamplonaIruna)

Guztira 109 haur etorri dira aurten Nafarroara, Saharako Adiskideen Nafarroako Elkarteak duela 22 urtetik hona antolatzen duen Oporrak bakean programaren baitan. Asironek eta Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko Nafarroako ordezkari Baladi Benamarrek azpimarratu dute oporretako programa honek haur horintzako duen garrantzia. Nafarroan eman dituzten bi hilabeteetan, abegi-familiek azterketa pediatrikoa egiten diete haurrei, haien osasun egoera ikusteko. Familia bakoitzak haurrari eskaintzen dizkion bizipenez gain, elkarteak bisita instituzionalak antolatzen ditu Nafarroako Parlamentura eta Nafarroako Gobernura, bai eta txangoak Nafarroan barna zein Saharako haur guztiak elkartzea xede duten jarduerak ere.

Aurten, berritasun gisa, abegi-familiekin egoteaz gain, haurrak Baztango ibarreko aterpe batean izan dira hamabost egunez, Saharako Adiskideen Nafarroako Elkarteak eta bertako Saharaztan elkarteak elkarlanean antolatutako egonaldian.

Haurrak 7 eta 15 urte bitartekoak dira. Joan den ekainaren 27an heldu ziren Nafarroara eta haien abegi-familiekin egongo dira abuztuaren 26ra arte, larunbatarekin, eta egun horretan etxera itzuliko dira, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara. Azken egun horretan, goizean, agur-ekitaldi bat egingo dute Berriozarren, non abegi-familiei haien elkartasuna eskertzeaz gain, bakearekiko konpromisoa agertu nahi duten, baita Estatu Islamikoaren atentatuak Bartzelonan erabat gaitzetsi ere.