NAIZ

Vital Fundazioa «jabetza pribatua balitz bezala» ez kudeatzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri

Vital Fundazioko presidente Jon Urresti jeltzaleak uko egin dio Arabako Batzar Nagusietan Krearen etorkizuneko jardueraz informatu zezan EH Bilduk egindako eskaerari. Koalizioak «Vital Fundazioa eta Arabako ondare historiko eta kulturala bere jabetza pribatu bezala» ez kudeatzeko eskatu dio EAJri.

EH Bilduk «erabateko haserrea» adierazi du Vital Fundazioko presidente Jon Urresti jeltzaleak Arabako Batzar Nagusietan Krearen etorkizuneko jardueraz informatu zezan EH Bilduk egindako eskaerari uko egin diolako.

Koalizioak gogora ekarri du Krearen jabetzaren afera «oraindik ere judizialki ebatzi gabe» dagoela eta uko egite honek Urrestiren aldetik «erabateko mesprezua» erakusten duel Batzar Nagusiekiko. «Oraingo honetan, ez agertzeko arrazoiak kudeaketaren kalitatea eta gardentasuna aipatuz zuritu nahi izan ditu», gehitu du EH Bilduk ohar baten bidez.

Era berean EAJren ardura ere nabarmen du: «Ez lukete ahaztu behar ondare publikoaren kudeaketaz ari garela eta horrek eskatzen duela modu sistematikoan eta zintzotasun osoz azalpenak ematea». Honi uko egiteko Arabako ahaldun nagusi den Ramiro Gonzalez eta Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susoren «oniritzia» salatu ditu.

«Uste dugu ez agertzeko benetako arrazoia Krearako inolako proiekturik ez dutela dela, are gutxiago bertan kokatu behar omen zuten unibertsitate amerikar haren proiektuaren porrotaren ostean», gehitu dute. Honela, «ondare publikoa defendatzeko» ekimen gehiago iragarri ditu koalizioak.