Jose Luis Odriozolaren gaztak 8.200 euro lortu ditu enkantean. Carrefour supermerkatu sareak ordaindu du dirutza hori, iaz baina 200 euro gehiago pagatuz. Orduan Ordiziako Joseba Insausti izan zen garailea eta Okeletxe haratagi taldea izan zen enkantean diru gehien ordaindu zuena. Enkantean lorturiko diruaren errekorra, dena den, 2014an eman zen, Idiazabalgo Ampo kooperatibak 13.050 euro pagatu baitzituen.
Aurten, Odriozolaren atzetik, Elgoibarko Mausitza famili-gaztategiaren ale bat sailkatu da. Iaz ere bigarren potua lortu zuen Mausitzak.
Hirugarren postua Zeanuriko Ipiñaburu ekoizlearentzat izan da.
Lehiaketan parte hartu duten 45 gaztak 10.30ak aldera eraman dituzte Beti Alai frontoira, dantzari, txistulari eta dultzaineroz lagundurik. Hauekin batera, artzaiak, agintariak eta epaimahaiko kideak ere izan dira desfilean. Juan Mari Arzak sukaldari ospetsua izan da epaimahaiko burua. Ardi latxa edo Karrantzakoaren esne gordinarekin egin behar dira gazta hauek
Aurretik, Ordiziako Udalak eta Idiazabal Gaztaren Kofradiak Tito Irazusta kazetariak gazta zabaltzen eskeinitako laguntza eskertzeko ekitaldia egin dute.
Gaur egun 122 gaztategi daude Idiazabal Jatorri Deituran. Horietatik, 22 Arabakoak dira, 17 Bizkaikoak, 52 Gipuzkoak eta 31 Nafarroakoak.