@iontelleria

Sei Diada independentziarako

Ordura arte ikusi gabeko herritar mobilizazioa izan zen 2012ko irailaren 11n Bartzelonan. Kataluniaren historia aldatuko zuten Diada jendetsuen bideari ekin zioten ‘Catalunya, nou Estat d'Europa’ goiburupean. Lau Diada beranduago autodeterminazio erreferendum ofizial bat egitetik hiru aste eskasera dira kataluniarrak.

 1  2012: ‘Catalunya, nou Estat d'Europa’

Loading player...

«Aurrekaririk gabeko manifestazioa» zioen TV3 katearen iluntzeko albistegi nagusiko (goian ikusgai) errotuluak eta «aurten estelada gehiago zeuden senyerak baino» zioen kazetariak. Oraindik «Itun Fiskala» hitzak kataluniar politikagintzan bizirik jarraitzen zuen eta CiUk independentismoaren bulkadari emango zion erantzuna ez zegoen garbi. Manifestazioaren antolatzaileak, ANCk, independentziaren bideari heltzeko eskaria egin zien arduradun politiko eta instituzionalei. Madrilera egindako azken bidaia baten ostean, hauteskundeak aurreratu zituen Artur Masek eta azaroan izan ziren; CiUk irabazi zituen baina 12 eserleku galduta, ERCk izugarrizko igoera izan zuen (10etik 21era) eta Parlamentuan sartu zen CUP 3 diputaturekin. Parlamentua osatu eta gutxira Kataluniaren burujabetza adierazpena adostu zuen Parlamentuak. Gerora maiz errepikatuko zen moduan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen hilabete gutxira.

 2  2013 ‘Via Catalana’

Loading player...

17.14etan Katalunia osoko elizetako kanpaien doinuek eman zuten ‘Via Catalana’-ren puntako orduaren berri. Bigarren urtez jarraian Assemblea Nacional Catalanak jendetza atera zuen kalera irailaren 11 batez. 400 kilometroko giza katea egin zuten herrialdea goitik behera zeharkatuz. ANCz gain autodeterminaziorako bidean balorazio bateratuak egin zituzten egunean bertan Kataluniako alderdi eta instituzio nagusiek. Alderdi soberanistek 2014a zehaztu zuten galdeketa egiteko urte gisa. Hiru hilabetera iritsi zen alderdien akordioa, 2014ko azaroaren 9rako galdeketa egitea adostu zuten, egun berean jaso zuten ANC, Omnium eta AMI (independentziaren aldeko udalak) erakundeen babesa.

 3  2014 - V (votar, victòria)

Loading player...

«Lortu dugu, kaleak bete ditugu eta azaroaren 9an hautetsontziak beteko ditugu» zioen mobilizazioa amaitu berritan oraindik ANCko buru gisa jarraitzen zuen Carme Forcadellek. ‘V’ erraldoi bat irudikatu zuten urte horretan Bartzelonan eta nazioartera begirako mezu indartsua zeraman, munduko agintari nagusien aurpegiak zeramatzaten oihal erraldoiak ere zabaldu baizituzten.

Astebetera galdeketa horri legezko babesa eman asmo zion kontsulten legea onartu zuen Parlamentuak, PPk eta Ciutadans alderdiek soilik eman zuten aurkako botoa. Lege horretan oinarrituta deitu zuen ofizialki galdeketa Artur Masek, eta bi egunera utzi zuen bertan behera Espainiako Konstituzio Auzitegiak deialdia. Izaera loteslea kenduta ere, galdeketa egin egin zen eta bi milioitik gora pertsonek eman zuten botoa (%35eko parte hartzea) Estatuaren debekuaren arren.

Geldialdi eta ezin ulertu tarte labur bat ireki zen hurrengo asteetan, luze egin zena, baina 2015eko urte hasieran izaera plebiszitarioa izango zuten hauteskundeak deitzeko akordioa lortu zuten alderdi kataluniar nagusiek.

 4  2015: ‘Via lliure a la República Catalana’.

Loading player...

Erreferendumaren legezko bideak agortuta irailaren 27ko hauteskunde plebiszitarioei begira ziren 2015ean herritarrak eta atzera bueltarik gabeko bidea zela argi uzteko moduko mobilizazioa izan zen urte honetako Diadakoa ere. Irailaren 27an independentismoak lortu zuen diputatu gehien: ‘Junts Pel Si’ hautagaitza bateratuak botoen %37,5arekin 62 eserleku lortu zituen, CUPek beste 10 eserleku lortu zituen botoen %8,2rekin. Gehiengo independentista aski zabala parlamenturako, baina bien baturak ez zuen botoen %50a gainditu. Prozesuaren unerik zailena hasi zen, ziur aski, honen ostean.

Hurrengo urteko urtarrilean sartuta baieztatu zuen CUPek ez zuela Artur Mas babestuko presidente gisa, Gobernua osatzeko epea betetzear hauteskunde berrien eta prozesuaren gainbeheraren izua hedatu zen. Bost egunera denek espero zuten ezustekoa, Artur Mas berak baieztatu zuen CUPek eta JxSí-k lortutako akordioa: Carles Puigdemontek, ordura arte Gironako alkate izandakoak, hartuko zuen Generalitataren gidaritza.

 5  2016 - ‘A punt’

Loading player...

Bultzada behar zuten instituzioek erreferendumaren bidea lantzeko eta beste urte batez «historiko» adjektiboa agertu zen batean eta bestean Diada honen berri emateko. Omnium Cultural eta ANC eragileek deituta bost hiritan ospatu zen modu deszentralizatuan, JxSí-ren gobernuari loteslea izango zen galdeketa bat antolatzeko presioa erantsiz.

Egunean bertan, Espainiako Estatuari erreferendum bat egiteko proposamena luzatuko ziola iragarri zuen Carles Puigdemont presidenteak. Biharamunean, Estatuaren ezezko baten aurrean ere erreferenduma edo hauteskunde konstituziogileak deitzeko konpromisoa adierazi zuen.

Aurrekontuen inguruko eztabaidak aldendu egin zituen hurrengo asteetan CUP eta JxSí eta hilaren amaieran konfiantza mozioa aurkeztu zuen Puigdemontek. Azkenean, CUPek hau babestu eta aurrera jarraitu zuen gehiengo independentistak. Bezperan, Puigdemontek Espainiarekin akordioa izan ala ez erreferenduma izan izango zela baieztatu zuen Parlamentuko eztabaidan.

Ekainaren 9an, akordiorako aukerarik ez zegoela ikusita, Kataluniako Gobernuak urriaren 1erako erreferendum deialdia egin zuen. Irailaren 6an onartu zuen Parlamentuak erreferenduma gauzatzeko legea eta gau horretan bertan sinatu zuen Gobernuak osotasunean urriaren 1erako deialdi ofiziala.

 6  2017 ‘La Diada del Sí’

Loading player...

Orain bost urte oraindik ameskeria iduri zezakeen egoera historikoan dator gaurko Diada, hiru aste eskasera Kataluniak bere etorkizuna erabakitzeko erreferenduma egiteko erabakimena lagun; Parlamentuak espainiar legalitatea gaindituta eta Madril Fiskaltzaren eta Guardia Zibilaren bidez boto paperak eta hautetsontziak bahitu asmoz. Hiru asteko atzera kontu historikoa hasten da gaur. Emaitza ez dago argi, baina bidea eginda dago.

(15.00etatik aurrera Diada ZUZENEAN)