‘SudOuest’ kazetak berri eman duenez, 23 urteko Melodie Masse gazteari eginiko autopsiaren emaitzen berri eman du Baionako Fiskaltzak.
Asteazken arratsean Uztaritzeko (Lapurdi) Sainte-Barbe auzoan bikotekideak hilik aurkitu zuen emakumea asfixiaz hil zutela adierazi du autopsiak, hain zuzen, goi arnasbideak estalita.
Era berean, Bordeleko Auzitegi Medikuntzako Institutuko medikuek baieztatu dute gorpuak berriki eginiko lesio traumatikoak zituela eta sudurra hautsia zuela.
Indarkeria sexualik pairatu izan zuen edo ez oraindik argitzeke dagoela gaineratu dute eta, gainera, tokian bertan lapurreta zantzurik aurkitu ez dutela azaldu du Fiskaltzak.
Atzo bertan, hipotesirik baztertzen ez dutela adierazi zuen Samuel Vuelta Simon Baionako fiskalak. Ikerketa Paueko Jendarmeriaren Section de Recherches (SR) delakoaren esku geratu zen atzo.
Biktimak hogeita hiru zituen eta zortzi hilabeteko haurdun zegoen. Beziers hirikoa zen jatorriz eta erizain ikasketak egiten ari zen Bordelen.