Idoia ERASO
Baiona

2.000 pertsona baino gehiago bildu dira Baionan urre meategien kontra

Ipar Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko eta asoziatiboen ordezkaritza zabala elkartu da gaur arratsaldean Lapurdiko hiriburuko karriketan. Sudmine enpresak urrea bilatzeko eskatu duen baimenaren aurrean euskal gizartearen kontrakotasuna helarazi nahi izan diote Macronen Gobernuari.

Manifestazioaren burua. (@Iurrebidegain)
Manifestazioaren burua. (@Iurrebidegain)

Stop Mines EH kolektiboak deituta 2.000 eta 2.500 pertsona elkartu dira gaur arratsaldean Laugatik atera eta Roland Bartes kaian bukatu den martxan. Banderola atxikitzen kolektiboa osatzen duten elkarte, sindikatu eta eragile sindikalen ordezkariak bildu dira.

Horren atzetik hautetsien ordezkaritza zabala ikusi da. Bertan ziren besteak beste Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Vincent Bru deputatua eta Alice Leiziagezar Berdeen alderdiko eskualde kontseilaria. Beraiekin ziren urrea bilatzeko baimenean agertzen diren hamaika herrietako auzapezen gehiengoa, Uztaritzeko Bruno Carrere eta Itsasuko Roger Gamoy besteren artean.

Haien ondotik Bizi kolektiboko kideek antzezlan txiki bat egin dute, ostegunean,  Seichebrieresen (Parisetik hurbil), Sudmines enpresaren presidentearen etxean egin zuten ekimenari erreferentzia eginez. Mugimendu ekologistako kide batek pala mekaniko txiki bat gidatu du, meatzeen sortzeko eskaera egin duen enpresaren psidentea den Christian Vallierren argazkia maskara gisa zeramala, eta bere inguruan bueltaka Biziko kideek protesta ekimena irudikatu dute.