NAIZ
BILBO

Uztaritzeko «erailketa matxista» salatu dute Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizen

Emakumeen Mundu Martxak deituta, Uztaritzen gertatutako 23 urteko emakume baten «erailketa matxista» salatzeko elkarretaratzeak egin dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. 38 urteko gizon bat dago atxilotuta, hilketaren ustezko egilea delakoan.

Arriaga plazan egin dute Bilboko elkarretaratzea. (@Komiteak)
Arriaga plazan egin dute Bilboko elkarretaratzea. (@Komiteak)

Bilbon, Iruñean, Gasteiz eta Donostian elkarretaratze bana eginda salatu du Euskal Herriko Mundu Martxak Uztaritzen gertatutako «erailketa matxista».

Iragan asteazkenean, irailak 13, 23 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Uztaritzen, eskuak eta hankak lotuak zituela. Haurdun zegoen emakumea, eta bere bikotekideak aurkitu zuen gorpua.

Igandean 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Jendarmeriak, Bokalen, hilketarekin zerikusia duelakoan. Bi egun zeramatzan poliziak haren atzetik eta hilketaren egiletzat jotzen dute polizia iturriek.

Ezohiko agerraldi batean, Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta Simonek, azaldu zuen emakumearen gorpua atzeman zuten tokian aurkitutako «froga biologikoek» nola gorpuari eginiko autopsiak «garrantzitsuak» izan zirela ustezko egilea identifikatzeko.

Vuelta Simonek zehaztu zuenez, lapurretak egiteagatik eta ondareak kaltetzeagatik egona zen atxilotua gizonezkoa, eta hainbat aldiz jaso behar izan du «tratamendu psikiatrikoa». Edonola ere, gaineratu zuen ezerk ez zuela pentsarazten krimen bat burutzeko gai izan zitekeenik.

Autopsiak baieztatu zuen asfixiagatik hil zen emakumea bortxatua izan zela. Sudurra hautsita izateaz gain, hainbat lesio traumatiko zituen gaztearen gorpuak.