M. I.
DONOSTIA

Elkartasunezko mobilizazioak herriz herri, ikusle soil ez garen seinale

Goizean goizetik Kataluniara so egon ziren atzo euskal herritarrak, baina ez ziren handik zetozen albiste kezkagarriak segitzera mugatu; kalera atera ziren. Hiriburuetan mobilizazioak egin zituzten iluntzean. Iruñean, EH Bildu, Podemos eta Aranzadiko hautetsiak izan ziren. Gasteizko elkarretaratzean, ehunka lagun batu ziren, Andre Mari Zuriaren plazaren erdia baino gehiago betez. Koalizio subiranistaz, alderdi moreaz eta Irabaziz gain, EAJko parlamentariren bat ere egon zen “Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat” pankartarekin. Aipatzekoa da EAJ, EH Bildu eta Podemosek testu bat adostu zutela Katalunia babesteko.

Equo Berdeak ere elkarretaratzean izan zen eta PPri eskatu zion «errepresio bidea bertan behera utzi eta elkarrizketaren bidea hartzeko, horixe baita gatazkak konpontzeko bide bakarra». Bilbon kontsultaren aldeko kolorez bete zituen jendeak udaletxe inguruak. Baionan, espainiar kontsulatuaren aitzinean egin zuten protesta, eta Donostian, Egiako epaitegietan. Handik kalejiran joan ziren 300 bat lagun Intxaurrondora, bertan AsCATasunera Astearekin elkartzeko. EH Bildu, Podemos eta ELA egon ziren tartean, ANCren Euskal Herriko asanbladarekin batera.

Herriz herri zabaldu ziren deialdiak. Hernanin 500 herritar atera ziren kalera eta Lezaman 50. Larrabetzun, lehenengo udalbatzak bilkura berezia egin zuen gai bakarrarekin (Katalunia) eta aho batez mozioa onartu eta gero 62 lagun bildu ziren elkarretaratzean. Lazkaon 88 izan ziren, Berrizen 29, Elgetan 35, Mallabian 32, Amurrion 105, Agurainen 80, Mañarian 40, Ororbian 30 eta Leitzan 60. Lesaka, Tafalla, Murgia, Zuia, Urduña, Lea-Artibai, Durangaldea, Aretxabaleta, Mungia, Oion, Amurrio, Baztan, Laudio... Luzea da mobilizazioen zerrenda.