Espainiako Ekonomia ministro Luis de Guindos Kataluniari diru gehiago emateko prest dago Generalitat-eko arduradunek urriaren 1erako deitutako erreferenduma bertan behera uzten badute. Halaber, finantziazio sistema hobetzeari atea ireki dio ministroak, akordio fiskala baztertu gabe.
«Independentzia lortzeko planak alde batera uzten badituzte, hitz egingo dugu», nabarmentzen du De Guindosek “Financial Times” egunkariak argitaratu duen elkarrizketa batean. Haren ustez, «Kataluniak badauka jada autonomia maila ona, baina hitz egin ahalko genuke finantziazio sistemaren erreformari buruz, baita beste gauza batzuei buruz ere».
2012an, Artur Mas presidenteak akordio fiskala proposatu zion Madrilgo Gobernuari, baina PPk ezetz esan zuen, «Espainia krisi sakon batean zegoelako». «Baina egoera aldatu egin da, eta errekuperazioak negoziatzeko aukera irekitzen du», gaineratzen du.
Gaur egun Generalitatearen finantzak kontrolatuak daude, erreferenduma antolatzeko dirurik bideratuko ez dutela bermatzeko. «Arrisku bati aurre egiteko» neurri proportzionala dela defendatu zuen asteazkenean Ogasun ministroak, eta «arrisku hori» hor dagoen bitartean luzatuko dela nabarmendu zuen.
Aurrekontuen onarpena
Baina badirudi Estatuak martxan jarri dituen neurri errepresiboak arazo bat izan ahal direla Madrilgo Gobernuarentzat. Izan ere, Rajoyren Gobernuak ez du gaur onartuko aurrekontuen proiektua, EAJren babesik ez duelako.
Cristobal Montorok atzo iragarri zuenez, PPko Gobernuak itxaron egingo du eta segur aski proiektua hilaren 29an onartuko du. «Ez dugu gehiengorik, eta Kongresuan ezin dugu aurkeztu oinarri onak ez dituen proiektu bat», gaineratu zuen. Oraingoz Ciudadanosen babesa baino ez daukate aurrekontuak onartzeko, baina urtea amaitu baino lehen aurrekontuak onartzea espero du Montorok.
Bestalde, atzo, Zaragozako Diputazioak –PSOEren eskuetan– esan zuen Unidos Podemosek eta alderdi horren bilguneek ezin dutela alkate eta legebiltzarkideen asanblada Pignatelli Eskola Hirian egin. Diputazioak aitzakiatzat jarri du bertan egin nahi duten ekitaldia erreferendumaren aldekoa dela.
Ekitaldi horretan, Unidos Podemoseko politikariez gain, ERC, EAJ, PDeCAT eta Compromiseko karguek ere parte hartuko dute. Antolatzaileek gogor kritikatu zuten atzo PSOEren jarrera eta asanblada egiteko beste toki bat bilatuko dutela azaldu zuten.
Berez, ez da Kataluniako erreferendumaren harira debekatu den lehenengo ekitaldia. Gasteizen udaltzainak sartu ziren Aldabe Gizarte Etxean Anna Gabriel CUPeko diputatuaren hitzaldia gelditzeko; eta Madrilen toki pribatu bat bilatu behar izan zuten ekitaldi bat burutzeko.
Debekuek herritarren elkartasuna piztu dute. Madrilen, esaterako, ehunka lagun bildu ziren Lavapies auzoan Kataluniari elkartasuna adierazteko.