«‘Handia’ ez da ‘Loreak 2’ eta hori nahita egindako zerbait da»
«Loreak» film arrakastatsuaren sortzaileak ibilbide berri bat abiatzeko prest dira. «Handia» gaur estreinatuko da Donostiako Zinemaldian. Egileak urduri ageri dira, jendaurrean izango duen erantzunarekin kezkatuta. Presiorik badute, baina lasaitasuna ematen die jakiteak batak ez duela bestearekin zerikusirik. Altzoko Handia munduaren aurrean aurkeztear dira.
Kazetaritzan, informazio testu batean ez da zilegi adjektiboak eta kalifikazioak erabiltzea. Baina arauak gainditzeko modukoa da “Handia”, Jon Garañok eta Aitor Arregik sinatzen duten lan bikaina. Euskal Herriko zinearen historian egin den filmik garestienak zehaztasunez eta poesiaz –Moriartiren zigiluetako bat– egiten ditu bere Migel Joakin Eleizegik, Altzoko Handiak, bere begiez ikusi zituenak. Gaur estreinatuko da filma Donostiako Zinemaldian. Euskarazko zinema munduaren aurrean jarriko dute berriz.
Oso kalitate handiko filma da zuena, detaile asko dituena. Nahita bilatutakoak direla dirudite.
Jon Garaño: Askotan esaten da detaile txikietan dagoela perfekzioa. Gu perfekziora ez gara iritsi baina bai ematen diegula garrantzia detaile txiki horiei. Eta batzuetan agian detaile horiek ez dituzte ikusle guztiek harrapatuko, baina guretzat garrantzitsuak dira, zeren, alde batetik, zentzua ematen diote pelikulari, eta, bestetik, beste zerbait eskaintzen diote ikusleari.
Uste dut maila desberdinetan komunikatu behar duela pelikula batek. Alde batetik, argumentu batek kontatzen duena, historia bera, baina uste dut beste azpikapa batzuk ere badituela pelikula batek; beste zerbait ere eskaintzen duzu eta hori inportantea da. Guk behintzat zinea horrela ulertzen dugu.
Orain arte egin den euskal ekoizpenik garestiena da. Zuentzat zama bat da hori?
Aitor Arregi: Hori zama txiki bat izan daiteke, baita espektatiben kontuan ere bere ekarpena egiten duelako. Espektatiba dago horregatik, espektatiba dago ere “Loreak” filmagatik, Zinemaldiagatik… Horrek zama gehitu egin dezake. Baina, aldi berean, guk bagenekien hasieratik horrela zela, pelikula hau kontatu nahi bagenuen, finantziazio hori bilatu behar zela eta ezin zela ibili ‘hau bai, hau ez’. Apustu hori egiten bada horretarako da. Ziurrenik, beste herri batean egingo balitz, pelikula honek aurrekontu bikoitza edo hirukoitza edukiko luke guk geuk kontatu nahi genuen moduan. Beraz, garestia da, hemen egin den pelikula baterako finantziazio topea lortu dugulako, baina, aldi berean, merkea da kontatu nahi denerako; XIX. mendea, trama historiko bat, erraldoi bat… Horrek eskatzen du finantziazio sendo bat, bestela erridikulua egingo genuke. Beraz, dena batera doa.
J.G.: Alde horretatik uste dut oso eskertzekoa dela talde teknikoaren inplikazioa proiektuan, lan zama handia eraman dute, eta oso eskertuta gaude. Beraiengatik izango ez balitz pelikula hau ezingo litzateke egin den moduan egin.
A.A.: Beste “finantzaketa” klase bat izan dugu beraien ekarpenarekin.
Aurrekariak aipatu dituzu, «Loreak» da zuen azken ekoizpena eta sona handia izan zuen. Ausartuko naiz esaten «Handiak» filmak ez duela zerikusirik.
J.G.: Errazena da konparatzea “Loreak” eta “Handia”, zeren atzean egile berdinak gaude. Baina iruditzen zaigu oso pelikula desberdinak direla, nahiz eta badituen beharbada guri interesatzen zaizkigun gauzak, badaude baso komunikante batzuk; azkenean gu gara, eta gure parte bat dago “Loreak”-en eta “Handia”-n. Baina sentsazioa daukagu “Loreak”-en zaleentzat beharbada “Handia” ez dela izango, edo “Loreak” gustatu ez zitzaien batzuei ere gustatuko zaiela “Handia”; sentsazio hori daukagu. Edo agian “Loreak” gustatu zitzaienei hau ere gustatuko zaie… edo ez bat ez beste. Baina ez da “Loreak 2” eta hori nahita egindako zerbait da. Nahi genuen “Loreak”-en estiloarekin, kontatzeko erarekin, trama horrekin apurtu, beste zerbait egin. Zentzu horretan asko egiten du XIX. mendean girotutako pelikula bat izateak, baita hautatu dugun estilo motak eta beste hainbat gauzek ere. Konexioak badaude, baina, nire ustez, ezagutzen ez gaituen norbaiti esango bagenioke zuzendari berek egindako pelikula dela, beharbada harritu egingo litzateke.
A.A.: Badago baten bat, dena dela, komentatu diguna ikusi dituela gauza batzuk “Loreak”-en ere ikusi zituenak. Printzipioz ez dugu kontzienteki egin.
Zuen eskua ere hor dago, ez?
J.G.: Hori zalantzarik gabe.
A.A.: Zutaz hitz egiten du pelikula batek. Zuri gustatzen zaizun zerbaiti buruz, eta, normalean, parametroak berdintsuak dira.
J.G.: Eta egotea zerbait amankomunean bi pelikulen artean, nahiz eta ezkutuan egon, nik uste ez dela txarra. Hasieran gure asmoa bai zela erabat apurtzea, baina gero, pelikula egiten ari ginen neurrian, edo batik bat edizioan, ikusi genuen bazeudela gauza batzuk harremandu zitezkeenak bi pelikuletan. Hemen zerbait desberdina egin nahi genuen, eta apurtu genuen, baina pertsonalitate apur bat utziaz. Bakoitzak pelikula bat ikusten du eta agian batzuek kristoren lotura ikusiko dute bi pelikulen artean eta beste batzuek batere ez.
Migel Joakin Eleizegiren karakterizazioa zoriontzeko modukoa da, batez ere Eneko Sagardoyk daukan makillajea. Ikusgarria da.
J.G.: Zailtasun asko zituen pelikulak, baina denen artean gorena erraldoi bat irudikatzea zen. Eta hor alde batetik zortea izan genuen Eneko bezalako aktore bat izatearekin. Enekok baditu ezaugarri fisiko potente batzuk, aurpegiera indartsua du, eta horrek oinarri bat eman zigun. Eta Enekorekin zorte handia izan dugu, loteria bat izan da guretzat. Baina Eneko ez da erraldoi bat eta erraldoi egin behar genuen. Proba asko egiten ibili ginen, altura eman behar zaio, eta horretarako teknika asko erabili dira, baina aurpegiak berak ere transmititu egin behar zuen erraldoiaren itxura. Hor ibili ginen protesi batzuk probatzen, eta arazo asko ematen zituzten, makillaje ordu asko eskatzen zituzten… Eta azkenean, bezperan, krisi handi baten ondoren, erabaki zen Ainhoa Eskisabel makillatzaileak egindako proposamenarekin aurrera egitea. Filmatzen gindoazen heinean, gu ere hasieran oso arduratuta ginen, baina filmaketa lanetara etortzen zen jende berriak ikusten zuen itxura ona zuela eta horrek ere lasaitzen zaitu.
Zer teknika erabili duzue?
J.G.: Sekretua da.
A.A.: Bai, apur bat bagabiltza sukaldarien moduan, errezeta erdi ezkutuan gordez. Baina izan da konbinazio desberdinen sorta bat. Grabaketako truko tradizionalenak erabili ditugu, eta nahastu ditugu efektu digitalekin.
J.G.: Bada gauza bat gustatuko litzaigukeela ikusleak egitea eta da gure protagonistak bezala hasieran erraldoi bezala ikustea Migel Joakin Eleizegi, baina, gero, pertsona bezala ikustea. Errealista izatea garrantzitsua zen eta pertsona bezala hartzea Migel Joakin Eleizegi, zeren, horrela izan zen gainera. Erraldoiaren terminoa gehiago da salmenta termino bat, pertsona oso-oso altu bat. Erraldoiak beste konnotazio batzuk ditu, ez dakit zenbat metrotik gorako pertsonaia mitologiko edo fantasioso bat. Baina, tira, Altzoko Handia erraldoi gisa ezaguna da eta hori burutik kentzea ere zaila da. Baina beharbada berari ez litzaioke asko gustatuko.
Aktoreei buruz galdetuta, Eneko Sagardoyk badu protagonismoa, baina protagonismo berbera edo handiagoa du bere anaia Martinek, Joseba Usabiagak antzeztua. Imajinarioa gure herrian nahiko gaiztoa da eta enkasillatua dagoen aktore bat da. Apustua nahiko handia da, pelikulan kontrako sorpresa ere ematen du.
A.A.: Azkenean esan duzuna horrela da. Joseba Usabiagarekin eta ziurrenik fikzioa egin duten beste hainbat aktorerekin gertatzen den zerbait da. Gero zineman beste paper batean jartzen dituzu eta jendea harrituta geratzen da. Uste dut Joseba Usabiagaren kasuan horrela izango dela, eta gainera nabarmen. “Loreak”-en gauza bera gertatu zitzaigun Itziar Ituñorekin. “Goenkale”-ko ertzaina zen.
«Loreak»-ekin Oscarretaraino iritsi zineten. Oraingoa, beste bide bat izango da, Zinemaldian abiatuko dena hau ere.
A.A.: Inkognita bat da jakitea Donostiatik zer aterako den.
J.G.: Egia da beharbada “Loreak”-ek presioa jartzen duela. Konparazioak hor egongo dira, baina lasaitzen gaituena da film oso desberdinak direla. Izan balitz oso antzekoa-edo, agian, presioa gehiago nabarituko genuke, baina ikusita pelikula desberdina dela, hori ere guretzat presioa kentzeko modu bat da.