«Estetikoki dena nahasi dugu eta filmean zehar bada eboluzio bat»
Euskal Zinemako Irizar sarian lehiatuko da «Non». Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiako sortzaile Ximun Fuchsek filmeko protagonistaren papera egin du, eta zuzendaritza lana Eñaut Castagnetek («Berria 10 urte» eta «When I Was a Child») eta biek burutu dute.
Hilabeteetako prestaketaren ondoren eta filmazio akigarri bat atzean utzi eta gero, Zinemaldira iritsi dira bi artistak beren lehendabiziko film luzea estreinatzera. Antzerkiaren mundutik etorritako taldea, ekoiztetxe handien babesik gabe, film hau plazaratzeko asmoz zinemaren munduan barneratu da Donostian.
Nondik dator «Non» filmaren proiektua?
Ximun Fusch: Hasi zen gidoia idatzi nuelarik, eta berehala Eñaut deitu nuen. Gogoa zen Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearekin egitea, eta Aveyrongo Capdenac herrian; hau da, inor interesatzen ez duen Frantzia horretan. Hango eragile kultural Derriere Le Hublot-ekin harreman handia dugu duela 20 urtetik, eta beraiek lortu dute dena, jendea, logistika... Badira 500 pertsona baino gehiago filmean lanean.
Eñaut Castaignet: Film laburra izan behar zen hasieran, baina gidoia irakurri ondoren Ximuni erran nion istorioa ez zela hain denbora gutxian erraten ahal. Beraz, berriz hartu genuen gidoia, eszena batzuk gehituz. Apustua nahiko potoloa zen, gure lehen proiektua baitzen; horrek zailtasuna gehitzen du, baina ez gaitu beldurtu.
Euskal Herriko beste eragile batzuekin batera ere gauzatu duzue proiektua?
X.F.: Lau eragile inportante izan dira, proiektua posible egin dutenak. Derriere le Hublot, Le Petit Theatre de Pain, Aldudarrak Bideo eta Hirusoin ekoizlea, Donostia eta Bilbon kokatua. Esaten da jendea ez dela ausartzen gauzak egiten, baina gu konturatu gara kontrakoa dela, bada jende ausart anitz, prest dena gauza anitz emateko, laguntzeko, eta parte hartzen duena aukera baldin badu.
Ximun, zure pertsonaiak lana galdu ondoren «ez» esaten duenean, geldiezineko espiral batean sartzen da?
X.F.: Bai, zartatu egiten da. Hori da ikasten dugun lehen hitza ere: «ez». Momentu bat bada non ikasi behar dugun ezetz esaten, hori gehiegi da.
Degenerazio bat badagoela ikusten da. Onartu dugunaren mailako zerbait al da?
X.F.: Onartzen ditugu gauza askoz gehiago. Metaforikoki, bada horretarik, baina bada beldurra, eta pertsonaia bakoitzaren fantasiak. Eritasun bat bezalakoa da; batek egiten badu beste batzuek egiten ahal dute. Oldartzea, kexadura, biziki kutsakorrak dira. Aldi berean nahi genuen poza ere izatea, askapen bat, ez iluna izatea.
Lan munduaren inguruko film gisa ikus badaiteke ere, estetikak ez du horrekin batere bat egiten.
E.C.: Usu, frantses zineman, langile mundua tonu triste eta naturalistan ageri da. Guk ez genuen hori erakutsi nahi; mundu horretatik heldu gara, eta nahiko koloretsua da. Ez genuen nahi markatu estetika mailan, ez genuen genero batean sartu nahi, baizik eta istorio bat kontatu, eta estetikoki erabili guk maite ditugun kodeak. Horregatik pixka bat dena nahasi dugu, eta filmean bada eboluzio bat.
X.F.: Pertsonaia nagusia zartatzen denean zartatze estetiko bat bada; momentu batean ez dakigu nora joaten den pertsonaia, eta ikusleria eramaten du nahasmen emozional horretan.
Euskaraz egindako zinemak garai ona bizi du. Zergatik hautatu duzue frantsesez egitea?
E.C.: Zentzua aldatuko lukeelako. Ez da beste arrazoirik.
X.F.: Gure hurrengoa euskarazkoa da, Euskal Herriari lotua. Istorio hau ez genuen askatasun horrekin kontatzen ahalko; Euskal Herrian gauza batzuek beste kutsu bat hartuko lukete.
Beste proiektu bat duzue buruan, beraz?
E.C.:: Bizpahiru ditugu.
X.F.: Ez da bakarrik filma egitea, tresna batzuk sortzeko asmoa dugu, Harri Xuri sortu genuen bezala, eta gero Hameka proiektuan sartu ginenean, azkenean eragin anitz izan duena euskal antzerkian. Eta hori ari gara pentsatzen jende batzuen artean, ikusteko zer eraiki, eta baliatu filmak egiteko zubi horiek eraikitzeko.