@iontelleria
BARTZELONA

«Gu gara belaunaldi hori, ezin dugu hutsik egin»

Jendetzak erantzun dio ikasle antolakundeek gaur eguerdirako Bartzelonan egin duten deiari, «ikasle mugimenduaren manifestaziorik handiena» antolatzaileen arabera. Hitz hartzean igandeko erronkaren neurria: «Belaunaldi askok amestu dute iritsiko zela bere etorkizuna erabaki ahalko zuen belaunaldia... belaunaldi hori gu gara, ezin dugu huts egin»

Protagonismo nabarmena hartu dute azken astean urriaren 1erako bidean ikasleek eta gaur manfiestazio oso jendetsua egin dute Bartzelonan. Antolatzaileen arabera «ikasle mugimenduaren manifestaziorik handiena» da Unibertsitate Plazan hasi eta Sants-eko tren geltokian amaituko dena.

Atzo independentziaren aldeko ekitaldi bateratua izan zen eskenatoki beretik egin dute ikasle antolakundeetako ordezkariek hitz hartzea. Hautetsontzi bat eskuan, eta hitzaldi bakoitzeko boto paper bat bertara sartuz. Mezu errepikatuenen artean, igandean botoa emango dutela: «urriaren 1ean hauteslekura joango gara, boto papera hartu, hautetsontzira gerturatu eta botoa emango dugu». Erronkaren tamainari ere neurria eman dio beste hizlari batek: «Belaunaldi askok amestu dute iritsiko zela bere etorkizuna erabaki ahalko zuen belaunaldia... belaunaldi hori gu gara, ezin dugu huts egin».

Nabarmendu dute ekitaldia ez dela mobilizazio hutsa, «kanpaina ekitaldia baizik, egiten utzi ez diguten kanpainako ekitaldia» eta urriaren 1ean jendeak botoa eman ahal izateko laguntzen izango direla azpimarratu dute. Aste osoan unibertsitate kanpoan ari dira galdezka datozenei botoa non eta nola eman argitzen.

Plazan jai giroa nagusitu da 11.00ak ingurutik 12.45 arte, ordu horretan abiatu da manifestazioa. Bertan dantzan eta kantuan izan dira ikasleak, tartean egun hauetan berriz ereserki ofizial bilakatu den L'Estaca.

Horkoak bukatuta Gran Vian gora abiatu da manfiestazioa. Tarteka geldialdiak, behin baino gehiagotan leihotik estelada bat eskuan oihuka irtetzen zen jendea txalotzeko. Eta une berezietako bat suhiltzaileak manifestazioaren burura batu direnean.

Goizean Historia museoan egindako ekitaldi batean aurrez iragarritakoa berretsi dute, erreferenduma babesteko lan egingo dutela igandean, txaloka hartu dituzte ikasleek.