NAIZ
OÑATI

Pertsona bat hil da Oñatin izandako auto istripuan

Goizeko 10.45ak aldera jakin da heriotzaren berri, Oñatiko Araotz auzoko bizilagun batek auto bat maldan behera erorita zegoela ikusi eta kanpoaldean gorpu bat atzeman duenean. Ertzaintza istripuaren zergatia argitzen ari da.

Ertzaintzak aditzera eman duenez, gizonezko bat hil da Oñatik izandako auto istripu baten ondorioz. Antza denez, 10.45ak aldera Araotz auzoko bizilagun batek abisua eman du auto bat pistatik irten eta maldan behera joanda zegoela eta. Kanpoaldean gorpu bat atzeman duela ere abisatu du.

Anbulantzia bat eta Ertzaintza gerturatu dira istripua jazo den gunera, eta pertsona bat hilda zegoela ziurtatu dute. Hildakoaz esan duten bakarra da gizonezkoa dela, adina eta jatorriaren berri eman gabe.

Ertzaintzak ez daki nola eta zergatik atera den autoa pistatik. Gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abiatu dute.