NAIZ

Garellanoko geltoki berria eraikitzen hasi dira

Garellanon egitekoa den geltoki intermodala eraikitzen hasi direla ziurtatu du Udalak. Tranbia, trenak, Bizkaibus, Bilbobus, Metro Bilbao, taxiak eta autobusak izango dira bertan eta 18 hilabete barru eginda egongo dela esan dute.

Garellanoko geltokiaren proiektua. (Bilboko Udala)
Garellanoko geltokiaren proiektua. (Bilboko Udala)

Bilboko Udala Garellanoko intermodala eraikitzen hasi da. Obraren lehen fase honetan, egokitzapen batzuk egin beharko dituztela azaldu dute. Alde batetik, obrak hastearekin, Pérez Galdós kaleko zirkulazio-errei bi kenduko dira, aurreikusita zegoen bezala, baina nolanahi ere bermatuta geratuko da kaletik zirkulatu ahal izatea, gainerako errei biak, behin-behineko geltokiarekin eginak, erabili ahal izango baitira.

Udalak 300.000 m3 lur atera beharko ditu geltokia eraikitzeko, eta horregatik kamioi mugimendu handia izango da. Lehenengo fasean, kamioiek Luis Briñas kaleko bidea hartuko dute eta handik irtengo dira zuzenean Bilbotik.

Dena dela, gorabeheraren bat gertatuz gero eta kamioiek zirkulazioa ez geldiarazteko, Udalak egokitzapen bat egingo du Sabino Arana etorbidean kamioiek biratzeko tokia izatea bermatzeko. Kasu horietan, kamioiak Pérez Galdos kaletik Sabino Aranaraino joango dira eta handik irtengo dira Bilbotik.

Udalak Luis Briñas kaleko espaloiak ere birmoldatuko ditu. Obren ondorioz, espaloietako bat ezin izango da erabili, eta bestea egokitu egingo da.

Lehengo Termibusen ematen ziren zerbitzuak behin-behineko geltoki batean ematen dira orain. Garellanoko geltoki intermodala, Abandoko geltoki intermodalaren osagarria izango da.