EH Bilduko legebiltzarkideak goizeko 10.00etan joan dira Parlamentura, gaur ofizialki jai eguna izan arren. «Ez dugu ezer ospatzeko», adierazi du sarreran Maddalen Iriarte bozeramailek hedabideei eginiko adierazpenetan.
Beste gai batzuen artean, azken egunotako gertakariak izan dituzte aztergai bileran EH Bilduko kideek, eta zera ondorioztatu dute, Iriartek azaldu duenez: «Nahiko garbi geratzen da atzo Madrilen ikusitakoaren ondoren ez dagoela erabakitzeko eskubidearen inguruan inolako akordiorik egiterik Espainiako estatuarekin; PPk, PSOEK eta Ciudadanosek argi utzi zuten».
🤔Kontzienteki, gaur ez dugu arrazarik, hispanitaterik edo jai-nazionalik ospatu nahi. Gasteizen, lanean 😃#EzDuguEzerOspatzerik @ehbildu pic.twitter.com/egrrFIqzRK
— EHBildu Legebiltzar (@ehbildu_legebil) 2017(e)ko urriak 12
Horrenbestez, nazioarteko komunitateak zer esango duen eta nola esango duen itxarongo dute, eta horrek Kataluniari nahiz Euskal Herriari begira zer eragin izango duen.
Konstituzioaren erreforma egin arren horrek ere ez lukeela korapiloa askatuko uste du EH Bilduk, ez baitu katalanen eta euskaldunen erabakitzeko eskubidea errespetatzen. «Estatuak Kataluniari eman dion erantzuna ‘ez’ da, eta ez dirudi inolako aldebiko harremanik edo negoziaziorik egon daitekeenik», nabarmendu du Iriartek.