NAIZ
Ondarroa

Ibon Iparragirreren egoera «azken mugara» iristen ari dela salatu dute

Iparra Galdu Baik plataformak adierazi duenez eta sendiak NAIZi baieztatu dionez, Ibon Iparragirre euskal preso politikoaren egoera «muturrekoa» dela salatu dute. Espetxeko forentsearen arabera, «ezin zaio bizi aurreikuspenik egin» eta bi urte barru edo bi-hiru egun barru zendu liteke. Egoera honen aurrean, berehalako askatasuna eskatu du ondarroarraren defentsak.

Ibon Iparragirreren askatasuna eskatu zuen aurreko mobilizazio bat. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Ibon Iparragirreren askatasuna eskatu zuen aurreko mobilizazio bat. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ibon Iparragirre euskal preso politikoari egindako azken analisietan jakin ahal izan dutenez, bere osasun egoera «azken mugara» iristen ari dela adierazi du Iparra Galdu Baik plataformak eta NAIZi ere hala baieztatu dio presoaren sendiak.

Azken analisietan 20 defentsa baino ez dituela jakinarazi diote. Pertsona heldu osasuntsu batek 723-1.124 inguruan izaten ditu defentsak. 500 defentsatik behera dauzkan pertsonak kaltetuta edukitzen du immunitate sistema. Iparragirrek 450 defentsa zituen 2014ko martxoan berriro ere kartzelaratu zutenean. Iragan uztailean 50 defentsa zituela zehaztu dio Iñaki Goioaga abokatuak hedabide honi.

Defentsa horiekin «edozein infekziok heriotzara eramango luke, kartzelako medikuei ezertarako astirik eman gabe».

Iparragirre etxera ekartzeko beharra nabarmendu dute. «Ibon lehenbailehen etxera ekarri behar da. Basaurira lehenengo, eta handik etxera. Hori izan zen aurrekoan erabilitako prozedura eta zenbat eta lehenago aktibatu, hobe. Alcala-Mecotik Basaurirako bidea ere ez da xamurra izango».

Forentsearen hitzetan, «ezin zaio bizi aurreikuspenik egin». «Bi urte barru hil daiteke, edo hiru egun barru». Espainiar Estatuko forentsearen hitzak ikusita, egoera konpontzeko beharra adierazi dute: «Zeren zain daude? Kartzelan hiltzen uzteko prest daude? Benetan, duintasunez hiltzen ere ez diote utziko?».

Ondarroarraren abokatuak hedabide honi azaldu diote idatzi desberdinak aurkezten ari direla Ibon Iparragirreren berehalako asktasuna eskatzeko.

Egoera horren harira, igandean elkarretaratze informatiboa egingo dute Ondarroan, 13.00etan, Alamedan. Presoaren osasun egoeraren berri emateaz batera, egin beharreko mobilizazioen zirriborroa aurkeztuko dute.