NAIZ

Okupazioaren eta gune autogestionatuen aldeko aldarria Bilboko kaleetan

Larunbat honetan, urriak 14, Bilboko Gazte Asanbladen Sareak deituta manifestazioa egingo dute okupazioaren eta autogestioaren alde. EAJk gune hauen kontra daraman politika salatu nahi dute.

Okupazioaren aldeko manifestazioa egingo dute urriaren 14ean.
Okupazioaren aldeko manifestazioa egingo dute urriaren 14ean.

EAJk eta Euskal Herriko beste udal batzuek gune autogestionatuen aurrean izan duten jarrera salatzeko manifestazioa deitu du Bilboko Gazte Asanbladen Sareak larunbat honetarako, urriak 14.

«Okupazioa, Autogestioa eta Erresistentziaren aldeko hautua egingo dugu, eta indarrak batuz, diruzaleei hortzak erakutsiko dizkiegu» aldarrikatu zuten Bilboko Udalaren aurrean mobilizazioa aurkeztkeo egindako agerraldian.

«Autogestioaren izpiek bultzatzen gaituzte bizitzeko era ezberdin bat eraikitzera. Bizitza aske bat eraikitzera, euren erasoetatik at», gaineratu zuten.

Ildo horretan, «alternatibak eraikitzen» diharduten eragileen kontrako mehatxu zein ekintzak salatu zituzten.

Gogora ekarri zutenez, Errekaldeko Etxarri gaztetxea joan den urtean itxi zuten eta Deustuko Gazte Lokalak hutsarazteko agindu bat etetea lortu dute momentuz.

26 urteko ibilbidea duen lokal autogestionatuaren arduradunak Bilboko Udalarekin elkarrizketak burutzen ari dira eta iraun bitartean kaleratzerik ez bultzatzeko konpromisoa hartu du Udalak. Insonorizazio proiektu bat aurkeztuko dutela eta kontzerturik ez dutela burutuko hitz eman dute gazte lokaleko ordezkariek.

Bestalde, Gasteizko Errekaleor auzoa edo Getxoko Tosuko landa ere aipatu zituzten. Gogoratu behar dago irailean 6 urte bete ziren Kukutza gaztetxearen desalojoa gertatu zenetik.

Bilboko beste lokal autogestionatuen artean, Alde Zaharreko Zazpi Katu gaztetxea dago ere. Urtarrilean 11. urteurrena ospatuko dute. Santutxuko Karmelo ikastola zenaren eraikinean bultzatutako Karmela proiektua ere aipatu daiteke.

«Egungo estrategia neoliberaletan», gaztetxeek zein gune aske eta autogestionatuek lekurik ez dutela kritikatu zuten eta mobilizatzeko deia luzatu zuten.