@gara_olarretxea
Donostia

GHK-k auzia maila pertsonalera eraman duela uste du EH Bilduk

EH Bilduk «oso larria» deritzo GHK-k atzo, PSE eta EAJren botoekin, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin auziperatzeko erabakia. Koalizioak aurreko arduradunei babes osoa eskaini die eta gogorarazi du erraustegia gelditzeko hautua interes publikoaren aldekoa eta legea «100%» beteaz egin zela.

Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola, gaurko agerraldian. (@gara_olarretxea)
Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola, gaurko agerraldian. (@gara_olarretxea)

«Mendeku politikoa eta pertsonala» ikusten du EH Bilduk Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak atzo iragarritako erabakiaren atzean. Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko aurreko arduradunen aurka Madrilgo Kontu Auzitegian salaketa aurkeztuko duela baieztatu eta biharamunean egin du egoeraren irakurketa koalizioak, Donostian. «Erabakia oso larria» dela adierazi du Ainhoa Beolak.

Gogorarazi dutenez, «legitimitate osoz eta legea 100% betez» hartu zen Zubietako erraustegia egiteko proiektua bertan behera uzteko erabakia, «zuzena eta gardena» izan zela, «interes publikoa eta gipuzkoarron osasuna» babestuz gainera. «Gipuzkoak dirua aurreztu zuen, bere lana ondo egin zuten. Auziak ez du ez hanka ez bururik», erantsi du Rebeka Uberak, bi auzipetuei babes osoa publikoki agertuz.

«Asensioren proposamenari bidea emanez» bozkatua eta onartua, PSEren jarrerak ez diela harritu adierazi dute ordezkariek; hala, EAJri deia egin diote akordioak erdiesteko, kontsentsu guneak sustatzeko. Hiri hondakinetan «desberdintasunak» daudela onartuta, partekatzen diren ikuspuntuak lantzea proposatu dute. «Gure prestutasun osoa agertu genuen puntu komunak bilatzeko saiakera egiteko. Baina adostasuna bilatzea baino nahiago izan dute konfrontazioaren bidean sakondu», adierazi du Beolak. Oraingoan, gainera, urrats bat harago joan izana leporatu diote EAJ eta PSEri: maila pertsonalera eraman izana, 41 milioi euroko kalte ordainak eskatuz.

Prozesuaz beraz azpimarra jarri du Xabier Olano Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramaileak. Oso deigarria egiten zaio Madrilgo Kontu Auzitegira jo izana, auzia EAEko Auzitegi Gorenak mahai gainean duenean. «Zinismo politikoa da. Epaia itxoin aurretik Madrilera joan dira». Gogorarazi duenez, ez zen ezkutuan erabakirik hartu eta programa politikoa «betez gainera». «EH Bildu programa horrekin aurkeztu zen eta hauteskundeak irabazi zituen», amaitu du Olanok.