NAIZ

EKE eta KEE: «Kataluniako komunikabide publikoen aurkako esku-sartzeak salatzen ditugu»

Kazetarien Euskal Elkargoak (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) Kataluniako komunikabide publikoetako kideekin bat egin dute eta hauen aurkako eraso eta esku-sartzeak salatu dituzte.

LABeko EiTBko langileak, elkarretaratzean. (@LABeitb)
LABeko EiTBko langileak, elkarretaratzean. (@LABeitb)

Kazetarien Euskal Elkargoak (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) prentsa ohar bat kaleratu dute, Gobernu espainiarrak 155. artikulua aplikatu izanak Kataluniako komunikabide publikoengan izango duen eragina baloratuz.

Alta, aipatu komunikabideetako kideekin bat egin nahi dutela adierazi dute, eta 155. artikuluaren aplikazioak TV3 eta Catalunya Ràdioko ordezkariak euren kargutik kentzea dakarrela gogoratu, «benetakoa» eta aniztasun politikoarekin «errespetagarria» den informazioa bermatzearen aitzakiapean. Horrek, baina, «de facto» informazioaren eta adierazpenaren mugak ekarri ditzakeela ohartarazi dute.

EKE eta KEEtik Kataluniako komunikabide publikoetako profesionalek aurkako «era guztietako» eraso eta esku-sartzeak salatu dituzte eta, era berean, hauek presatu dituzte informazioa tratatzerakoan «hain beharrezkoa» den «aniztasuna» euren lanarekin bermatzera.

Ez dira, baina, aipatu kazetarien elkarteak soilik izan komunikabide publiko katalanetako profesionalekiko elkartasuna adierazi dutenak. ELA eta LAB sindikatuek ere, bakoitzak bere aldetik, adierazi dute babesik. EiTBeko LABeko langileek, esaterako, elkarretaratzea egin zuten iragan igandean eta EiTBko ELAk, berriz, prentsa ohar baten bidez adierazi zien elkartasuna.