NAIZ
BAIONA

Baigorriko Etxauzia Gaztelua berreskuratzeko herri ekimenak 400.000 euroak bildu ditu jada

Herritarren eta eragileen ekarpenari esker, Etxauzia Nafartarren Etxea Elkarteak proiektua gauzatzeko lehen 400.000 euroak bildu ditu eta hurrengo urratsak ere definitu ditu: alde batetik, eraikinaren erosketa egiteko sozietate inmobiliario bat sortuko du, Baigorriko Gazteluaren jabe izanen dena, eta bestetik, proiektua saretzen, aurkezten eta zabaltzen segiko du.

Baigorriko Etxauzia Gaztelua berreskuratu eta herritarrei itzuli nahi die proiektuak. (Bob EDME)
Baigorriko Etxauzia Gaztelua berreskuratu eta herritarrei itzuli nahi die proiektuak. (Bob EDME)

Ohar baten bitartez, Etxauzia proiektuaren sustatzaileek esker ona adierazi diete haren alde inplikatu diren herritarrei eta eragileei. Hala, jakinarazi dute dagoeneko 400.000 euro bildu dituztela –irailaren 15erako 500.000 biltzea zen helburua– eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ere zehaztu dute.

Alde batetik, Etxauzia Gazteluaren erosketa egiteko sozietate inmobiliario bat sortukko dute. «Beharrezkoa den dirua bilduta, egitura hau gazteluaren jabe izanen da» eta, gaineratu dutenaren arabera, elkartea bera ere sozietate horren barnean izango da, «Etxauzia Gaztelua herriari itzultzen zaiola» bermatzeko.

«Gazteluaren parteak salgai ezarriko dira, Gaztelua erosi ahal izateko falta den dirua lortzeko», esan dute.

Bestetik, orain arte egin duten bezala, proiektua «saretzen, aurkezten, biziarazten eta zabaltzen» segiko dute, bai Euskal Herrian eta bai diasporan. «Sekula baino indar handiagoz, Etxauzia Gazteluaren inguruan sortzen ari garen komunitatea sendotzen segiko dugu, ekonomia, kultura, ondarea eta diasporan oinarritutako proiektua egunetik egunera biziago eta zabalago eginez», azaldu dute.