@gara_miantzi
BASTIDA

Sustrai Colinaren zaporea izan da gustagarriena mahastien gerizan

705,5 punturekin, Sustrai Colina nagusitu da 980 entzule bildu dituen Bastidako saioan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehendabiziko finalaurrekoan. Bi puntu eta erdi eskasera izan du Igor Elortza, agurrean aitortu bezala, goia jo gabe baina hurrengorako gogotsu. Jarraian, pozarren, Agin Laburu (690) eta Jon Martin (671). Bosgarren Jone Uria (669) eta seigarren Nahikari Gabilondo (600).

Sustrai Colina, Jone Uria eta Nahikari Gabilondorekin. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sustrai Colina, Jone Uria eta Nahikari Gabilondorekin. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Zaporetsua izan da, Arabar Errioxako parajeak merezi bezalakoa, Bastidako kiroldegian jokatutako lehen finalaurrekoa. Sei botilen artean, Sustrai Colinarena izan da garaile. «Biba zuek entzule despedida gisan/ bolak haunditzen segi dezala pendizan/ nik sinetsi nahi nuke mahastien gerizan/ aukeratzen dugula garena bizitzan/ ta zuek harritzeko konfiantza izan», abestu du urruñarrak azken agurrean.

Kartzelako lana izan du borobilena, bigarren egin duen Igor Elortzak bezalaxe. Honako gaiari kantatu behar izan diote: Ez duzu gonbidapenik jaso, baina joatea erabaki duzu. Doinu berriarekin, dotore hasi da Colina: «Tabuak min direnean minak ote dira tabu/ maitasunean jokatu behar al da beti ondradu/ bide berean joan arren azkenerako banandu/ berriz hutsetik hasteko inoiz ez baita berandu/ gaur urte bat bete duen seme txiki bat daukagu/ merendola egin duzu txokolate ta mokadu/ gugan daukagun zornea familira al dakargu/ pelikulako gaiztoa norbaitek izan behar du».

Eta hala amaitu du, semearen urtebetetzera doan aitaren ahotsetik: «Tinbrea jo dut dardarka inurrituta sabela/ ta eskerrak gaur huts-hutsik ekarri dudan sakela/ ni gabe ongi apainduta baitaukazu egongela/ kantatuta putz egin du semeak lehen kandela/ ziur nago egun batez konprenituko duela/ pelikulako gaiztoa maitatu litekeela/ nahiz bizitzan dena ez den ateratzen nahi bezela/ inportanteena jaustean berriz zutitzea dela».

Elortzak ere doinua estreinatu du, dotore eta fin. Istorioan sartuta adi-adi izan gaitu hasieratik bukaerara. «Egunkarian ikusi nuen gure nausi aberatsa/ humanismoaz elkartasunaz bere diskurtso zehatza/ egia baina ez da argazki hura zen bezain aratza/ azkenerako nire aukera ailegatuko da antza/ garai batean lantegi hori nuen bizitza ardatza/ orain kalean egonagatik berriz banoa harantza/ hotz zerbitzean izaten ei da eta onena bengantza», izan da lehena. Eta hirugarrena: «Langabeziak bat ipintzen du ia urkatzeko sokan/ nirea lako zenbat famili utzi dituzten kolokan/ ta ez genuen ezertxo lortu nahiz eta egin borrokan/ egun honekin amets egin dut lotan zein esna askotan/ azkenerako nago ametsa egia bihurtzekotan/ ze aurpegiak izango diren gaurko ospakizun hortan/ mikroa hartu ta hau guztia kontatuko dut bertsotan».