NAIZ

Zirkulazio aldaketak Termibus inguruan geltoki berria eraikitzeko lanen eraginez

Termibus geltoki berriaren obrek aldaketa batzuk eragingo dituzte oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan azaroaren 1etik 2019ko apirilaren 26ra bitartean. Inguruko espaloiak itxita egongo dira oinezkoentzat eta ibilgailuentzat hainbat neurri hartu dituzte.

Behin behineko Termibus geltokia. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Behin behineko Termibus geltokia. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 1eko gaueko 21.30etatik aurrera zirkulazio aldaketak indarrean daude Termibus inguruan oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Bilboko Udalak aurreikusitakoaren arabera, 2019ko apirilerarte luzatuko dira zirkulazio aldaketak.

Termibus geltokiaren inguruko espaloiak oinezkoentzat itxita egongo dira, eta eragindako espaloi bakoitzaren ordez beste aldekoa erabili beharko da. Ingeniaritza Eskolaren eta Termibusen arteko bidea oinezkoentzat itxita egongo da, eta bidea Zunzunegi etorbidean zehar egin beharko da.

Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, Luis Briñas kalean, erditik hurbilen dagoen erreia kenduko da, Perez Galdos kalearen eta Zunzunegi etorbidearen artean, San Mames futbol zelairako noranzkoan. Ezin izango da eskuinera jo (Sabino Aranara), Bilbobus autobusak izan ezik, eta Perez Galdosetik jo beharko da.

Gainera, Luis Briñas kalea, Zunzunegi eta Perez Galdosen artean, Montevideo etorbideko noranzkoan zirkulaziorako itxi eta alde horretako aparkalekuak okupatuko dira. Azkenik, Perez Galdoseko bi erreiak zirkulaziorako itxi eta aparkalekuak okupatuko dira, Gurtubay eta Luis Briñasen arteko zatian.