NAIZ
GASTEIZ

EAJk eserleku bat irabaziko luke eta Elkarrekin Podemosek bat galdu, Soziometroaren arabera

EAJk irabaziko lituzke Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira, egun baino eserleku bat gehiago lortuta (29). Elkarrekin Podemos koalizioak bat galduko luke (10) eta gainerako indar politikoek egungo eserleku kopuruari eutsiko liokete, Lakuako Gobernuaren Soziometroaren arabera.

Urkullu, Gasteizko Legebiltzarreko agerraldi batean. (LEGEBILTZARRA.EUS)
Urkullu, Gasteizko Legebiltzarreko agerraldi batean. (LEGEBILTZARRA.EUS)

Lakuako Gobernuak Soziometroaren azken inkestaren datuak zabaldu ditu gaur eta martxoan eta ekainean eginikoen emaitza berberak eman ditu: EAJk irabaziko lituzke berriro Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak, orain baino eserleku bat gehiago eskuratuta. 29 lortuko lituzke guztira.

EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke, 18 ordezkarirekin; Elkarrekin Podemos hirugarren izango litzateke, baina orain baino eserleku bat gutxiagorekin (10). PSEk eta PPk, azkenik, bederatzina legebiltzarkide izango lituzteke, gaur egun bezala. Ciudadanosek ez luke ordezkaritzarik lortuko Ganberan.

Herrialdeka, Gipuzkoan eta Araban ez litzateke egoera aldatuko. Aldaketa bakarra Bizkaian emango litzateke, EAJk eserleku bat irabaziko luke (12) eta Elkarrekin Podemosek bat galdu (3).

Zuzeneko boto asmoari dagokionez, galdetutakoen %18,8k EAJri emango lioke botoa; %14,9k EH Bildu aukeratuko luke; %9,3k Elkarrekin Podemos; %6,2k PSE, eta %5,2k PPri emango lioke botoa. Ciudadanosen alde galdetutakoen %1,8 agertuko litzateke. 

Abstentzioari dagokionez, %24,6koa izango litzateke, eta inkesta egin dietenen %8,9k botoa nori eman ez dakitela adierazi dute. %5,6k ez dio erantzun boto asmoari buruzko galderari.

Inkesta urriaren 24tik 30era egin zen hiru herrialdeetan, 18 urtetik gorako 2.295 pertsonaren artean.