NAIZ

Autogestioaren inguruko jardunaldiak Santutxuko Karmelan

Larunbat honetan autogestioaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute Santutxu auzoan. Eredu herrikoi ezberdinen ikuspegitik hausnartuko dute eta Errekaleor Bizirik, Gernikako Astra, Sestaoko Txirbilenea eta Karmela proiektuetako kideak izango dira bertan.

Gasteizko Errekaleor Bizirik, Gernikako Astra, Sestaoko Txirbilenea eta Santutxuko Karmela proiektuetako ordezkariek autogestioaren inguruko jardunaldietan parte hartuko dute larunbat honetan. Santutxun ospatuko dira jardunaldiak prentsa ohar batean ezagutzera eman dutenez. Jardunaldien ostean, azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria salatzeko ospatzen den egunaren harira Bilbon egingo duten mobilizazioarekin bat egingo dute.

Joan den asteburuan Santutxuko Karmela proiektuaren bigarren urteurren festa ospatu zuten. Gogora ekarri zutenez, Karmelo ikastola zena bi urtez hutsik egon ostean «berpizteko garaia iritsi zitzaion, eta badira beste bi urte Karmelo Karmela bihurtu dela».

Bi urte hauetan ikastolan egon ziren askok -guraso, ikasle, irakasle, sortzaile...-, auzokide eta beste hainbat pertsonekin batera «proiektu berritzaile, eraldatzaile eta parekidea» sortzen ari dira; «betiere oinarri asanbleario, antikapitalista, euskaldun eta herrikoia izanik».

Egitaraua

-11.00. Kafea eta aurkezpena.

-11.30 Errekaleor Bizirik.

-12.00 Txirbilenea.

-12.30 Astra.

-13.00 Karmela.

-13.30 Mahai-ingurua.

-15.00 Indarkeria matxistaren aurkako argazkia.

-15.30 Bazkaria.

-17.45 Indarkeria matxistaren aurkako manifestaziora zutabea.