Aritz Arginzoniz Elorrioko presoaren egoera salatzeko manifestazioa egin dute milaka lagunek. Maialen Agirre eta Txaber Arruabarrenak irakurri dute martxa osteko agiria, eta salatu dute presoa honezkero Estatu frantsesean dagoela, hilaren 9an jaso baitzuten bere azken deia Valdemoroko espetxetik Parisera trasladatua izango zela jakinarazteko.
«Aurrekaririk gabeko» kasu bat dela adierazi dute, eta gogoratu dute presoak Estatu espainiarrean zuen kondena datorren otsailean amaitzen dela. Zentzu horretan, Arginzonizen aldeko babesa eremu pertsonaletik harago politikora eramateko deia egin du Agirrek: «Guztiaren gainetik, ez dezagun ahaztu arrazoi politikoak direla Aritz preso mantentzeko arrazoiak».
«Bakoitzak bere neurrian», indarrean dagoen espetxe politikaren aurka egitea proposatu du, «bide beretik iritsiko baita gatazkaren konponbidea ere». Zentzu horretan jarraitu du Arruabarrenak ere, ulertezintzat joz konponbidearen bidean aurrerapausoak eman ari diren heinean espetxe politika bere horretan mantentzea.
«Guk aurrerapausoak ematen jarraituko dugu. Horren adierazle Ipar Euskal Herriko herritar zein eragile ezberdinak Estatu frantziarrean barrena burutzen ari diren ekimena», azpimarratu du Arruabarrenak.
Ibon Iparragirre, erbestean zendutako Javier Perez de Nanclares eta larriko gaixorik zela etxean preso zendutako Belen Gonzalez ere izan dituzte aipagai.