Donostako Kultura Feministaren Jaialdiaren XII. edizioa aurkeztu dute gaur Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak, Tabakaleraren kolaborazioarekin eta Emakunde eta Gipuzkoako Aldundia laguntzaile dituela. Bertan izan dira Plazadreok-eko Juana Aranguren, Feministaldiko antolatzaile Leire San Martin, Tabakalerako komunikazio zuzendari Katerin Blasco eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida.
Feministaldia atzo abiatu zen eta abenduaren 3ra arte luzatuko da. #Fobia leloa izango du aurten eta helburua gorrotoari buruz hausnartzea izango da, hain zuzen ere, «desberdinarekiko, arraroarekiko, disidentearekiko gorrotoaz».
Horretarako, performer, kazetari, artista eta aktibistak gonbidatu dituzte, guztira hogei inguru, «beldur desberdinekiko hausnarketa kritikoak» egin ditzaten: arraza, gorputza edo sexualitatea, feminismoak berak espazio hegemonikoetan sor dezakeen gorrotoa ahaztu gabe, azaldu du San Martinek egitarauaren berri ematean.
Gonbidatuak diziplina eta jatorri desberdinetakoak dira, eta haien artean daude Hajar Samadi, Tarana Karim, Irantzu Varela, Isa Calderón, Lucía Lijtmaer, Marta Selva, Itziar Bilbao, Ane Labaka, Andrea Momoitio, Bea Egizabal, Inma Hurtado eta Lucrecia Masson.