NAIZ
GASTEIZ

Bost edukiontzi erretzea egotzita epaitutako bi gasteiztarrak absolbitu egin dituzte

Xabi Valdor eta Ander Martinez de Agirre, bost edukiontzi erretzea leporatuta epaitu zituzten gazteak absolbitu egin dituztela jakinarazi du Eleak/Libre mugimenduak. Lau urte eta erdiko espetxe zigor bana eta 3.000 eurotik gorako isuna eskatzen zuten beraientzat.

Ohar baten bitartez, Eleak/Libre mugimenduak poza adierazi du Xabi Valdor eta Ander Martinez de Agirre gasteiztarren absoluzioa jakin eta gero. Elkartasuna adierazi eta gazteen aldeko kanpainarekin bat egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete.

Hala ere, ez dute nahi izan «gertatutakoa ahaztu eta salatu gabe utzi». Izan ere, mugimenduaren arabera, «bi gazte hauek gazte izate hutsagatik atxilotu zituzten, edoizein gazteri gerta lekiokeen moduan, eta gazte izate hutsagatik babesgabe utzi zituen prozesu judizial bai egin behar izan diote aurre». Prozedura horretan, gainera, beraien eskubide zibil eta politikoak urratuak izan direla nabarmendu du Eleak/Librek.

«Poliziaren hitzak hartzen duen balioagatik babesgabe» utzi dituztela arbuiatzeaz gain, eskaeraren «proportzionaltasunik eza» ere salatu dute, gogoratuz «bos edukiontzi erretzea leporatzen zietelako» lau urte eta erdiko espetxe zigorra eta 3.000 eurotik gorako isuna eskatzen zela beraientzat.

«Absoluzioaren berria jaso dugu, baina orain arteko prozesuan zehar bizi izan duten eskubide urraketa salatu beharra dugu», esan dute mugimendutik eta, horregatik, dei egin dute «eskubide zibil eta politikoen urraketak sufritzen ditugunean hauek salatzera, antolatu eta borrokatzera».