Victor-Albisu dira Binakako txapelketako lider berriak, Urrutikoetxea-Ladis Galarzaren aurka jokatu behar zuten partida, 3-8 aurretik zirela, bertan behera geratu baita Baraibarreko atzelariak min hartu ostean.
Hutsez betetako partida jokatzen ari zirela, Ladis Galarzak min hartu du kantxan atzeraka zioala pausu txar bat eman ostean. Frontoian bertan Iñigo Simon Asegarceko medikuak egindako lehen azterketaren arabera, baraibartarrak zaintiratu bat izan du ezker oineko hatz lodian eta oso minduta utzi du kantxa. Takoak kendu eta dutxatu ostean froga mediku gehiago egingo dizkiote bestelako hausturarik ote duen baztertzeko.
Hausturarik ezean ere, ia ezinezkoa izango da atzelariak hurrengo jardunaldian jokatu ahal izatea, asteazkenean baitute iragarria hurrengo norgehiagoka Arrigorriagan Elezkano II.a eta Rezustaren aurka. Bihar bertan dute partida horretarako material aukeraketa, baina enpresak bihar goizera arte ez omen du erabakiko bere ordezkoa nor izango den. Lehen partidan lan oso txukuna egin duten Andoni Aretxabaleta eta Alvaro Untoria dira hautagaiak.