Andoni ARABAOLAZA

Mendi Film Festival, Hamar urte mendiko kultura hedatzen

Euskal mendiko zinemaldi bakarrak dagoeneko hamarkada bat bete du. Heldu den ostiralean ateak zabaldu eta hilaren 17an itxiko ditu. Hamar egun horietarako egitarau oparo zein zabala antolatu dute. Sail Ofizialean, denera, 51 pelikulak hartu dute parte.

International Alliance for Mountain Films taldeak 23 kide ditu, eta horietako bat da Mendi Film Festival. Nazioarteko mendiko zinemaldi ezberdinak jasotzen dituen gune honen kide izateaz gain, irakurleari aurreratu behar diogu urtean zehar antolatzen dituen hitzorduen artean “geurea” azkenekoa dela. Bai, euskal mendiko zinemaldiak heldu den ostiralean ateak zabaldu eta hilaren 17an itxiko ditu. Beraz, hamar egunez, “Mendi” mendizaleei, naturazaleei zein abenturazaleei egitarau oparoa eskaintzeko pronto dago.

Gainera, aurtengo ekitaldia hamargarrena izango da. Hamarkada bat, beraz, Jabi Baraiazarra zuzendaria eta bere lantaldea aurrera eramaten ari diren mendiko kultura ekimenak beteko duena. Hasiera ia gehienak bezala, ez zuten batere erraza izan. Baina, lan eskerga egin eta gero, Mendi Film Festivala nazioarteko zirkuitu horretan erabat sendotu egin da. Ibilbide hori kontuan hartuta, antolatzaileak pozarren egoteaz gain, ilusio berarekin urratsak egiten ari dira. Hori ondo baino hobeto islatu zuten duela astebete, Bilbon, hamargarren ekitaldiaren berri eman zutenean.

Arestian aipatu dugu “Mendi” sendotuta dagoela, eta jaso duten eskarmentu hori datorren ostiralean hasiko den ekitaldian ikus dezakegu. Alde guztietatik begiratuta, aitor dezakegu aurkezpen egunean mahai gainean jarri zuten egitaraua ikusgarria dela.

Ohi den bezala, Mendi Film Festivaleko protagonista nagusiak pelikulak dira. Sail Ofizialean lehiatuko diren zintak 51 izango dira. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, ekoizpen horiek guztiek denetariko gaiak, estiloak eta jarduerak jorratu eta erakusten dituzte. Eta horri guztiari gehitu behar zaio nazioarteko herrialde ezberdinetatik jaso dituzten filmak direla. Ameriketako Estatu Batuetatik, adibidez, Bilbora 9 zinta iritsi dira. Kopuruari dagokionez, honako hauek jarraitzen diote: Kanada (7), Alemania (4), Austria (4), Australia (4)… Horiek guztiek euskal mendi zinemaldiaren apustuari indarra ematen diote, baina, bide batez, ezin dugu alde batera aipatu gabe utzi lau euskal ekoizpen Sail Ofizialean lehiatuko direla: “Aurrera”, “Bizi II”, “Mr Ibex” eta “Zortzi Yukon”. Horri guztiari gehitu behar diogu euskal protagonistak dituzten beste hiru film badaudela: “4 in Free”, “Al otro lado de la cuerda” eta “Jugando a Escalar”.

Bestalde, aurtengo ekitaldiak hainbat zinemagile eta ekoiztetxe ezagunen bisita jasoko ditu. Horrekin esan nahi dugu, beste edizio batzuetan sari nagusia eraman duten “lagunen” parte hartzea izango duela. Horiek dira: Pavol Barabas, Phillip Baribeau eta Paul Diffley zuzendariak eta Sender Films ekoizlea.

Horrela bada, 51 zinta Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta guztiak ala guztiak sari nagusiaren bila joango dira; hots, pelikula onenaren sariaren bila. Hori sari potoloena zein garrantzitsuena bada ere, “Mendik” beste 13 sari banatuko ditu. Hor dira besteak beste: zuzendari onena, euskarazko film onena, epaimahaiaren saria, mendiko film onena, ikusleen saria…

51 pelikula epaitu eta 13 sari banatzeko lana izango dutenak bost lagun izango dira. Epaimahaia honakoek osatzen dute: Jack Tacle alpinistak, Deb Smythe Banff mendi zinemaldiaren zuzendariak, Nancy Rosenthal New Yorkeko natura gaien inguruko Wild zinemaldiko zuzendariak, Jesus Mari Lazkano artistak eta Paul Urkijo zinemagileak.

Eskaintza zabala

Heldu den ostiraletik aurrera, beraz, “Mendi”-k lehen urratsa egingo du. Eta hasiera ekitaldi berezi horretarako, antolatzaileek nazioartean sona handia duen film bat aukeratu dute: “Mountain”. Berez, pelikula hori Euskal Herrian ikusteko aukera izan dugu; izan ere, iragan irailean Donostiako Zinemaldiko “Savage Cinema” atalean hartu zuen parte. Ekoizpen honen inguruan soilik aurreratu behar dugu Jennifer Peedom zuzendariaren lana dela, eta Australiako Ganbera Orkestrak zuzenean musikatzeko sortutakoa dela. Australian bertan publiko markak ezarri ditu.

“Mountain”-ek, beraz, euskal mendi zinemaldiaren hamargarren ekitaldia zabaltzeko ohorea izango du. Baina, esan dugun bezala, hamar egunez pelikula “uholdea” izango da.

“Mendi” ere gainezka ibiliko da, hots, izaera ezberdinetako ekitaldiak antolatu ditu. Eta antolatzaileek Bilboko agerraldian aurreratu zutenez, aurtengo edizioan emakumeek protagonismo handia izango dute; batez ere, zinemaldiaren lehen egunetan. Besteak beste, mahai-inguru berezia izango da. Beren ibilbidearengatik “izarrak” izan diren lau protagonista bilduko dituzte: Catherine Destivelle, Lyn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasaban. Izen handiko gidari eta solaskideak ere alboan izango dituzte: Bernadette McDonald idazlea, Katie Ives “Alpinist” aldizkariaren zuzendaria, Lara Izagirre zinemagilea eta Luisa Alonso-Cires “Pyrenaica”-ren zuzendaria.

Bestalde, Peter Habeler alpinista historikoak “The Walk on Project”-en bitartez omenaldia jasoko du. Eta arestian aipatu dugun Tackle alpinistak bere mendi ibilbidearen inguruan hitzaldia eskainiko du. Mendi Filmaren aurtengo ekitaldiak Alberto Zerain eta Mariano Galvan alpinistak ere oroituko ditu.

Ohi den bezala, erakusketek ere beren txoko berezia izango dute. Adibidez, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako ale onenak Bilboko Metroko Alde Zaharreko geltokian eta BBK-ren egoitzan ikusgai izango dira. Honekin batera aipatu behar dugu aurtengo edizioko kartel ofizialean agertzen den argazkiaren egilea Bilbon izango dela: Christoph Jorda. Ondoan ikusten den kartel hori “The Lighthouse” irudian oinarrituta dago; hain zuzen ere, CVCEPHOTO lehiaketan saritu zutena.

Hiru dira aurten eskainiko diren formazio eta ikasketa guneak. Horietako batek “Eskalada; jolasa ala kirol olinpikoa?” izenburua darama. Horiek dira, beraz, euskal mendi zinemaldiak eskainiko duen egitarau oparoaren hainbat “bitxi”. Informazio guztia: www.mendifilmfestival.com

Azkenik, iragan hasteko agerraldian, euskal mendi zinemaldiaren antolatzaileek aurtengo “Mendi Short” irabazlearen berri eman zuten. Egile amateurrentzako lehiaketaren 4. ekitaldia Alex Areizagak irabazi du, "Fandango" film laburrarekin.