@iontelleria
PARIS

Musika, dantza... eta paristarren harridura ‘Orain presoak’ manifestazioan

Aniztasuna zuen ezaugarri manifestazioaren buruak eta dantza eta jai giroa atzealdeak. Tartean pozik manifestazioak ekar dezakeenarekin presoen senideak eta Paris inguruko espetxeetako martxaren ostean indarrez jarraitzen dutela erakutsiz Fresnesetik iritsi direnak. Txistu, gaita, trikiti eta musika kamioiak Euskal Herriaren zatitxo bat ekarri du Eiffel dorreari begira amaitu den manifestaziora.

Joaldunak pasatzean paristar bat hauei argazkia egiten.
Joaldunak pasatzean paristar bat hauei argazkia egiten.

Joaldunak ziren manifestazioaren buruan, Hazparnetik, Gasteiztik, Zornotzatik eta Zubietatik iritsi direnak. Ziur aski paristarren harridura handiena erakarri dutenak, asko izan baitira mugikorra atera eta joare burrunba argazki eta bideoz betiko gorde nahi izan duten paristarrak. «Zergatik da manifestazioa?» galdetu digu askok, azalpena emanda Montparnasseko geltoki parean gizon batek kezka, «badakizue gaur Johnny Hallyday-en ehorzketa dela?», konkurrentzia izan zitekeelakoan. Ziur aski hura gabe frantziar hedabide gehiagoren presentzia izango zen manifestazioan.

Galiarrak Erroman bezala agertu da 9.30ak pasatxo Euskal Herritik zetorren lehen trena, gutxira geltoki atzean lehen autobusak, bidaia neketsu baten ostean berotan sartu eta hankak luzatzeko gogoz, «buuff» hasperenak bat baino gehiagoren ahotan.

Ordurako manifestaziorako traza hartzen hasia zen metro gutxira kokatutako 18 juin 1940 plaza. Ordua baino lehen hartu dute aurrea joaldunek eta osatu da bakegileek jositako harremanen adierazle zen pankarta. PSrekin Frantziako presidente izateko hautagai izan zen Benoit Hammon bertan, Frederique Espagnac eta Max Brisson senatariak, Jean-Rene Etchegaray euskal elkargoko lehendakaria eta Mixel Berhokoirigoin bakegilea, besteak beste.

Zertxobait atzerago presoen senideen tartea, hor Maribi, Trapagakoa eta semea preso duena, gaurkoaren esperantzaz eta «azkena ateratzea lortu arte» lanean jarraitzeko deia eginez.

Gaurkoak askorako balio dezakeela ustea nabarmendu da manifestarien artean, baita Frantziako alderdien artean sortu diren harremanek Madrilen ere aldaketak eragin ditzakeena.

Loading player...

Presoen senideen atzetik azken hiru egunetan Réau, Fleury-Merogis eta Fresneseko espetxeetatik oinez eta hotzez oinez joan arren nekerik nabari ez zitzaion espetxeetako martxaren ordezkaritza. Speakerra aldatu diete gaur eta frantsesez errepikatzen zailak ziren mezuekin kexu ere bai, tarteka.

Euskal Herriaren zatitxo bat paseatu da gaur Parisko kale nagusietatik, trikiti doinuak izan dira, txistuarenak eta Lizarrako gaitarenak ere bai.

Jai girorako, ordea, manifestazioaren atzean kokatu den kamioikoa. Fermin Muguruzak dantzan jarri ditu kamioi inguruan zirenak. Manifestazioaren azken tartean kamioiak amaierara joan behar zuen, eskenatoki lanak ere bere esku zirenez, azken bidegurutzean antolatzaileek izan dute lanik jendea kamioiaren epeletik aldentzen.

Invalideseko ingurura iritsi da azkenean manifestazioa. Atzealdean ez zen ekitaldiko mezurik apenas entzuten, baina orduak ere hala agintzen zuenez jendeak ez zuen axola handirik, ardo botilak eta jatekoak aterata jarraitu du askok azken ekitaldi hori.