NAIZ
BARAKALDO

Bigarrenez irabazi du Maialen Lujanbiok Txapelketa Nagusia

Bigarrenez irabazi du Maialen Lujanbiok –2009an izan zen estreinakoz– Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aitor Mendiluzerekin neurtu ditu indarrak buruz-burukoan, baina ordurako abantaila handia zuen lortua saio distiratsua osatu duen hernaniarrak.

Sebastian Lizasok jantzi dio txapela Maialen Lujanbiori. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Sebastian Lizasok jantzi dio txapela Maialen Lujanbiori. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

14.600 bertsozalek egin dute hitzordua igande honetan Barakaldoko BECen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz gozatzeko. Saioa, gorabeherak izan baditu ere, goitik joan da, beraz, gustura egoteko motiboak soberan dituzte bertsozaleek. Azkenean, Maialen Lujanbio hernaniarra suertatu da garaile, bere ibilbideko bigarren txapela eskuratuz.

11.00etan hasi dira kantuan bertsolariak, eta 20.00ak jotzear zirela ezagutu da txapeldunaren izena. Bitartean, bertsoak bata bestearen atzetik, publikoaren gozamenerako.

Unai Agirre herrikidearekin hasi du saioa Lujanbiok. Hasieratik ikusi da maila onean iritsi dela finalera eta lehenengo ariketa puntuagarritik aritu da goitik. Bigarren ariketa puntuagarrian –zortziko txikian–, esaterako, ofizio bikaina osatu du Igor Elortzarekin, sexu jolasak gaitzat hartuta.

Puntu erantzunetan, berriz, goia jo gabe maila ematea lortu du, eta hamarreko txikian ere behera egin du apur bat. Goizeko saioa itxi duen kartzelakoan, baina, dar-dar egiten jarri du BEC. «Atetik sartu zarenean isildu egin dira denak» zuen gaia,

Bazkal osteko lehen ariketa puntuagarria –sei puntuko motza– orain lau urteko txapeldunarekin osatu du, hots, Amets Arzallusekin, eta puntuka, berriz, Mendiluzerekin egin du, buruz-burukoan arerio izan duenarekin. Gai aproposa jarri badiete ere, ez dute BEC lehertarazterik lortu. Arratsaldeko lehenengo bakarkakoan, baina, berriro erakutsi du Maialenek buruz-burukorako hautagai nagusiena zela.

Kontuak kontu, Lujanbio bera eta Mendiluze sailkatu dira buruz-burukora.

Ordurako bazen zurrumurrua Lujanbio abantaila handiarekin zela esaten zuena eta, buruz-burukoan –maila oso altuan aritu izanagatik ere- ez du goia jo Lujanbiok. Lan guztiak amaitzean, argi zegoen nork irabazi behar zuen txapelketa.

Halaxe suertatu da, eta pozez hartu du berria bertsozaleak. Izan da Lujanbio heroinatzat ezaugarritu duenik ere, eta publikoa yonkitzat.

Sailkapen nagusiak erakusten du aise eskuratu duela Lujanbiok bere bigarren txapela.

Sebastian Lizaso azpeitiarrak jantzi dio txapela Lujanbiori, eta honek honela amaitu du bere agurra: «Lehengoekin ta gaurkoendandik, txapel hau gerokoentzat».