Ez da ariketa erraza BECeko olatuak sortutako bitsaren gaineko ezer klarurik ateratzea, ariketarik garbiena ez bada behintzat Maialen Lujanbiok merezimenduzkoa duen txapela bururatu duela onartzea. BECeko itsasartean txiolari ugarik egin dituzte aurreikuspen lanak: «Maialen da Messi», «Maialen heroina, gu yonkiak»... Zeruratzea lortu duen aingeru bertso-goardakoari buruz gogoeta batzuk, 15.000 pertsonaren buruetatik pasatako ideien lagin bat. Baina Barakaldokoa itsas-bidaia baten azken porturatzea izan bada, ez litzateke hausnarketa makur aurretiazko etapetan izandakoak gogora ekartzea. Miren Amurizari gorazarre. Bere bertso kulunkak falta izan ziren atzo Barakaldopeko zeru izartsuan. Eta ahaztu ezindakoekin sartuta, olatuen garrasia eragin duen txapelketako enigma: Patxi Bakallo. Aurpegi ugari zimurtu bai, baina bertsolaritzari atzeko atea zabaltzen lagundu duen anonimo ezaguna, oraintsu arte laritza honen zaletu suhar ez ginenon artean behintzat. Ziriz eta ezten zirtolariz egindako lana.
Eta bakallokeriez inoiz libratu denak altxa dezala besoa lehen, BEC ez baita infernurik gabeko zeru. Aitor Mendiluze buruz burukora pasa izana batek baino gehiagok ospatu zuen, baita publikoki ere, ariketak amaitu aurretik hernaniarra garailetzat emanda xanpainari kortxoa kenduta. Lujanbioren garaipena merezimenduzkoa dela baieztatzeak zokoratzen du nahikeria hutserako joera. Eta eskerrak. Zorionak berari, koska bat gorago ibiltzeagatik; bigarren finalistari ezustearekin nabigatzeagatik; eta gainerako zortzi marinel artistei. Bejondeiela.