Andoni ARABAOLAZA

«Mendi»-ren sari nagusia «Dirtbag» pelikulak eskuratu du

Dave O´Leske-k zuzendutako film estatubatuarrak Bilbao Mendi Film Festivalaren hamargarren ekitaldiko pelikula onenaren saria irabazi du. Sail Ofizialeko 51 pelikula ikusi dira.

Bilbao Mendi Film Festivalaren hamargarren ekitaldiak ateak itxi ditu. Atzo, Sail Ofizialean lehiatu ziren 51 lanen artean saritu zituztenak ikusteko aukera egon zen. Baina ekitaldi nagusia, sariak banatu ziren eguna, larunbat iluntzean izan zen. Lan guztien artean soilik batek jaso zuen Urrezko Eguzkilorea, hots, sari nagusia. Eta ohore hori Dave O´Leskek zuzendutako “Dirtbag: The Legend of Fred Beckey” filmak izan du.

Beraz, film onenaren saria eraman du, eta hala erabaki dute epaimahaia osatzen zuten honako lagunek: Jesus Mari Lazkano, Nancy Rosenthal, Jack Tackle, Paul Urkijo eta Deb Smythe-k.

Epaimahaikide horien iritziz, “Dirtbag” lotsagabea eta hipnotikoa da: «Munduan eta AEBetan karisma eta eragin handieneko legenda bat betiereko bihurtzen du filmak. Zinta honek pertsona baten ibilbidea kontatzen du, zeinak den-dena eman zion bere pasioari, ospea baztertzeraino. Fred Beckeyrekin 12 urtez aritu ziren grabaketak egiten, eta zendu berri den unean aurkeztu da dokumentala; beraz, jaso zezakeen omenaldirik onena eskainiz. Halako izaera berezia zuen pertsonaia bati ezinbestean zor zitzaion kontakizun bikaina da».

Habeler-i omenaldia

Irakurtzen den bezala, “Dirtbag” film onena izan da, baina arestian aipatu dugun epaimahaiak beste aitortza batzuk eman ditu. Adibidez, “The Frozen Road”-ek zuzendari onenaren saria jaso du. Eta argazkilaritza onenaren saria “Life In Four Elements” zintarentzat izan da.

Bien bitartean, “Psycho Vertical” gidoi onenaren sariaz jabetu da, eta film labur onenaren aitortza “A sense of Wonder”-entzat izan da.

Beste sari batzuk: epaimahaiaren saria “Mama”-k jaso du, mendiko film onena “Bonington: Mountaineer”-ek, eskaladako film onena “Safety Third”-ek, mendi-kulturari eta naturari buruzko film onena “The last Honey Hunter”-ek, kirol eta abenturazko film onena “Into Twin Galaxies-A Greenland Epic”-ek eta euskarazko film onena “Zortzi Yukon”-ek.

Bi aipamen berezi eman dira, eta horiek “Charged”-ek eta “Mountain”-ek eraman dituzte.

Horiek guztiak izan ziren sari banaketen ekitaldiaren protagonista nagusiak. Baina “Mendi”-ren bederatzi egun horietan beste batzuk izan dira. Horietako bat Peter Habeler da. Eskainitako omenaldi berezi batean, alpinista historikoak “Wop” saria jaso zuen.