Jon LEUNDA

Bizkaiko Aizkolari txapelketa Bilboko Areatzan

Bilboko Areatzan jokatuko da Bizkaiko Aizkolari txapelketaren finala, 13.00etan. Aitzol Atutxa, Ernesto Ezpeleta, Hodei Ezpeleta, Xabier Garcia, Julen Mendieta, Aritz Irazabal eta Julen Larrea izango dira finalean arituko diren aizkolariak.

Aitzol Atutxa, Euskal Herriko txapelduna da. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Aitzol Atutxa, Euskal Herriko txapelduna da. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Aitzol Atutxa, Ernesto Ezpeleta, Hodei Ezpeleta, Xabier Garcia, Julen Mendieta, Aritz Irazabal eta Julen Larreak parte hartuko dute gaur eguerdian Bilboko Areatzan ospatuko den Bizkaiko Aizkolari txapelketan. Bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko ebaki beharko ditu.

Final honetan sekulako aldea izango da Atutxaren eta gainerakoen artean. Egungo Euskal Herriko txapeldunak ez luke inongo arazorik izan behar gaur txapela lortzeko, eta zerbait gertatu ezean, garaipena berarenetzat izango da. Lehia bigarren posturako izan daiteke; hor izen bat baino gehiago agertzen da, eta zaleek hor iragartzen dute emozioa.

Leku berean jokatuko da trontzalarien torneoa ere, eta bertan, Barberena anaiak, Berruezo eta Oteiza eta Ispizua eta Zubizarreta lehiatuko dira. Bakoitzak zutik jarritako 45 ontzako enborrari 7 epai eman beharko dizkio, eta etzanda jarritako 45 ontzakoari, berriz, 13 eman beharko dizkio.